Bizi-baratzea

Ongarri gordinak eta sapelarra
2021-02-18  |  Jakoba Errekondo

Ongarriketaren gaia ez da saguzarraren eguerdiko doministikua. Luarra, simaurra edo dena delako ongarriarekin beti helburu bera dugu: lurrari bizia ematea. Lurrari ematen diogu eta ez landareari. Lurraren baitako mikroorganismoen bizimodua sustatzen dugun neurrian lurra biziago izango da eta bizialdi horretatik osatuko da lur horretan hazten ari diren sustraien manjatera.

Ongarriketan produktu kimiko industrialak erabiltzen ditugunean lurrari bizia kentzen ari gara. Lurra piztu beharrean erretzen ari gara, hiltzen. Ongarriketa kimikoa etengabekoa bihurtzen bada, gero etorriko da lurraren antzutzea: janariz lepo betea baina kateatuta dagoen lurra, sustraiek janariok hartu ezin dituztela. Lur gaineko landarea indargabe, erkin, kaden flakiak jota bezala ikusiko dugu, eta uztarik ez. Lur horiek nekez bere oneratzen dira eta irtenbidea okerragoa da: hidroponikoa, hau da, lurrik ukitzen ez duten landareekin uztak ekoiztea; hori bai kimikoa, azkena!

Horrelakorik ez gertatzeko ongarriketa organikoa erabili beste aukerarik ez dugu. Gure bizimoduak sortzen duen “hondakin” organiko guztia erraustegi hiltzaileetara bideratu ordez luartu eta ongarri bihurtu beharko genuke, eta bueltan, elikagai, lurrari eman.

Simaurrak luartuta edo onduta ematea da ohikoena, baina jaki berdeak, freskoak, heldugabeak bere gordinean ematea ere ez da gauza berria gure nekazarientzat. Baina hala dirudi. Landareak bere gordinean lurrari emateari ongarri berdea esaten zaio orain. Nik gurean ez dut horrentzako izenik ezagutu, baina izenik gabe ere erruz egin izan da.

Ongarri berdearen helburu nagusia lurra ontzea da. Lurraren egitura fisikoari eta kimikoari eustea edo baldintza hobeetara eramatea. Ongarri hitza bere osotasunean betetzen du, lurrari on ugari egiten dio: jakiak ematen dizkio, baina baita ere harrotzen du, lurra sakonean lantzen du, azpiko jakiak gora ekartzen ditu, azaleko higadura eragozten du, lurraren bizitza zikloa aberasten du eta abar. Ongarri berdea egiteko, erabili gabe dauden lur gorri zatietan, baratze eta soro, landare nahasketa jakin bat ereiten da. Landare horiek heldutasunera iritsi eta loratzera doazenean moztu eta lurrarekin berarekin nahasten dira. Horixe da ongarri berdea, gordina. Oraintxe egiten da mozte hori, landareak izerdi berriaren indarra izan eta lurrari eman diezaion. Inork ba al du lan horretarako “ongarri berdea” ez den euskarazko izenik? Edo tajuzko izen proposamen berririk?

Udazkenean utzi eta orain barazki edo landare landaturik gabe “hutsik” dauden baratzeko taulenak edo soroak, ezer erein gabe utzi baditugu ere landare askok kolonizatuta dituzte. Horiek, bakoitzak bere neurrian, ongarri berdearen lana egiten dute. Bat edonon ezaguna dela esango nuke: sapelarra (Stellaria media) edo sapabelarra, edo txabarkoia, edo albaraka-belarra, edo arpelarra, edo... Berez ondo ongarritutako lur landuetan udazkenean sortzen den belar tortoka da eta oraintxe loratzen da. Loratu denean udaberria iritsi dela esaten da. Aziendak urte sasoi honetan izaten duen berde gosearekin oso gustura jaten du, baina kontuz eman behar omen zaio, puztu egiten omen du-eta. Loratu denean lurra lantzeko garaia etorri da. Gure etxean urtarrilaren amaieran loratu zen eta baratzearen sasoi berria abiarazi zuen.


Zurea bidali