Bizi-baratzea

Epidemiak  >  Koronabirusa

Normalitate berrirako agroekologia feminista
2020-05-19  |  Mirene Begiristain Zubillaga

Mirene Begiristain Ekonomian doktorea da eta EHUko irakaslea. Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategian artikulua argitaratu du. Hemen jaso dugu artikulu horren laburpen bat.

COVID-19aren aurretik zeuden krisi anitz eta konbergenteen beste estualdi bat etorri da. Planetaren eta bizitzaren biziraupenarekin zer egin nahi dugun erabakitzera eramaten gaituen estualdia. “Hau eta gero”, zein ote da onartuko dugun normalitatea?

Egun dugun elikagai-kate ereduak sortzen dituen eraginak ezagunak genituen “honen aurretik”. Elikadura sistemako kate-begien izaera klasikoaren (ekoizpena-banaketa-kontsumoa) ondorioen zerrenda ukaezina dela erakutsi digute azken urteetako ebidentzia zientifikoek: monolaborantzaren ondoriozko higadura handia eta ekoizpen dibertsifikatuaren galera; intsumoen menpekoa den ekoizpen eredu intentsiboa eta inbertsioen zorpetzearekin gurpil zoroan murgilduta dauden baserriak; nekazaritza lurren artifizializazio maila; itsasoen orekak apurtu eta agortzera eraman dituzten arrantza praktika xurgatzaileak; erreleborik ez duen ereduan sakontzea landa-munduaren krisia areagotuz; elikagai kilometrikoak normalizatzea; banaketa katean baserritarrei ordaintzen zaiena eta batez beste kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren arteko aldea gero eta handiagoa izatea, kontrolik gabe, banaketa elikagai enpresa handi eta gutxi batzuen mesedetan; dietetan elikagai prozesatu eta ultraprozesatuen kopurua handitzea eta elikadura ez egokiak eragindako gaixotasunen zabaltzea; jantoki publikoetan catering enpresa gutxik duten jarduera eta monopolioa baimentzea; eta abar luze bat.

COVID-19aren etorrerak dagoeneko esku artean genituen arazo estrukturalak argiago erakusten dizkigu, baina etxeko lanak egin gabe harrapatu gaitu. Hamaika sentsazio, bizipen, hausnarketa eta pentsamendu-galdera sortzen zaizkigu.

Euskaldunok elikagaien inportazioekiko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar dugu edo ez ote da erabaki estrategikoa gure elikagaien ekoizpena tokikotzea?

Zer da esentziala gure bizitzen ortzi-mugak askatasunean eraiki nahi baditugu? Zer da esentziala planetaren eta pertsonen bizi-onerako? Guztia merkantilizatzen duen sistemarentzat, dena da esentziala; balantze-ekonomiko positiboa helburu. Baina COVID-19aren kolapsoarekin agerian geratu da ikusezinak ziren hainbat jarduera esentzialak direla. Hausnarketa intimo eta kolektibo honetan –subertsiboa ere izan daitekeena- gure antolaketa sozioekonomiko eta politikoan elikadurari eta elikagaien ekoizpenari leku bat ematea nahitaezkoa da, elikatzearen beharra dugulako. Beraz, euskaldunok elikagaien inportazioekiko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar dugu edo, ez ote da zentzuzkoagoa eta erabaki estrategikoa gure elikagaien ekoizpena, esentziala izanik, tokikotzea eta sostengarria bihurtzea? Egungo egoeran, hazkundean doan munduko populazioaren elikadura segurtasuna eta eskubidea bermatu nahi badugu, elikagai sistemaren ereduaren menpekotasuna eta lehentasunen eztabaida premiazkoa da.

Erabakitzen ari gara zein nekazaritza eta elikadura eredurantz joan nahi dugun

Elikadura, esentziala izateaz gain, eredu iraunkorra eta eredu industrialaren arteko talkan dago. Elikadura kateko botere desorekak eta elikagai banaketa kateek ordaintzen dituzten prezioak nekazaritzaren krisia elikatzen dutela dioten ikerketa ugari ditugu. Halaber, intsumoetan menpekoa den ekoizpen ereduari ere arreta jartzea ezinbestekoa da. Baserrien kopuruen murrizketa, ekoizpena produktu gutxi batzuetara bideratzea eta eskala handitzea eta intentsifikazioak, lanpostuen galeraz harago, ingurumena eta gure lurraldeen kaltetzea ekarri du. Ez al du zentzu gehiago baserri kopuruari eusteak edota areagotzeak, eskala murriztuz, nekazaritza eta abeltzaintzako enplegua defendatzeak, soberakinak ezabatzeak eta produkzioa, batez ere, tokiko merkatuetara bideratzeak, kalitatea, iraunkortasuna eta gizarte-justizia irizpidetzat hartuta? Agroekologian oinarritzen den nekazaritza eta abeltzaintzak emaitza positiboak ematen ditu, ekoizpenetik kontsumoraino, lurretik platereraino. Beraz, COVID-19ak gogorarazten digu badagoela zer eztabaidatu eta erabakitzen ari garela zein nekazaritza eta elikadura eredurantz joan nahi ote dugun; dikotomia horretan, elikadura eta nekazaritza iraunkorrerantz doazen trantsizio prozesuetan sakondu beharko dugu berandu baino lehen.

Zertarako baliatzen ari gara konfinamendua Agroekologia feministan?

Instituziotatik ezarritako alarma-egoerak emergentziazko hainbat neurri ekarri ditu. Horien artean hurbileko merkatu ez-sedentarioak, auto-hornikuntzarako baratzeak edota nekazaritza eta abeltzaintza txikiei ezarri zaizkienak murriztaileagoak izan dira beste ekoizpen eta elikagai banaketa kate handiekin alderatuta. Euskal Herrian zehar agroekologiaren ikuspegian kokatzen diren baserritar eta mugimendu sozialek euren eskubideen defentsan ekimen anitz aktibatu dituzte. Lurraldez lurralde, tokian-tokiko elikadura sareen antolaketa maila eta tokiko elikadura espazioekiko jendartearen afinitatea eta lotura sinbolikoen errespetuzko adibidetzat har genitzake guztiak. Ekimen gaitasun honek, erreakzionatzeko gaitasunetik harago, prozesuak abordatzeko beste logika bat erakusten digu: lan-dinamika horizontala, errespetuzkoa, eraikuntza kolektiboa positiboki eta era eraikitzailean baliabideak, esperientziak eta harremanak partekatzeko lankidetza. Honek ez du esan nahi garatu diren ekimenek mugak ez dituztenik –eskala mugak edota subjektu anitzaren eraikuntzari dagokienez, adibidez– baina egiteko moduak interpelatuak izan dira, eta aldatzeko bokazio sakona dute. Modu horretara, elikadura sistema bere ikuspegi integralean zaintzeko beharra erdigunean jartzeaz gain –egungo banaketa sistemaren truke errentagarrien irizpide bakarraren aldean–, ikuspegi agroekologikoa eta feminista egikaritzeko “prozesuak eta antolaketa ereduak” politizazio eta eraldatze prozesuen ardatzak direla ikasten dugu.

Euskal Herriko elikadura-sistemari eragiten dioten politika publikoak modu nahasgarri eta ez-eraginkorrean biderkatu dira

Euskal Herriko elikadura-sistemari eragiten dioten politika publikoak, helburuak eta tresnak modu nahasgarri eta ez-eraginkorrean biderkatu dira. Ikusten dugu nola, alde batetik, obesitatearen aurkako anbizio handiko estrategiak aktibatzen diren eta bestetik janari-zabor merkea eta ugaria eskaintzen den; baserritar gazteei pizgarriak ematen zaizkie eta aldi berean nekazaritza lurraren prezioa eta eskuragarritasuna arazo estrukturala da. NPBko laguntzetatik gehien jasotzen duten % 10ek laguntzen ia % 50 kontzentratzen dute EAEn eta Nafarroan, beraz, beste erdia, lur-jabeen % 90 artean banatzen da (proportzio hori % 30-% 70 da Iparraldean); oztopo administratibo eta tamaina handiko ustiapenen pareko burokrazia amaigabea bizi dute tamaina txikiko nekazaritza ekologikoko proiektuek, jasangarritasunari egiten dioten ekarpena lehentasunezkoa dela entzuten duten bitartean; Emakume Baserritarren Estatutua aho batez onartu zen orain lau urte Eusko Legebiltzarrean, babes falta juridiko eta laboralarekin bukatzeko, baina legean jasotakoa betearazteko ez da baliabiderik jarri. Beste hainbat adibide jar daitezke elikadura eta gaixotasun kronikoak eta osasun sistemako gastuak erlazionatuz, edota Larrialdi Klimatikoa deklaratzen den bitartean elikadura artifizialki ekoizteko euskal RIS3 estrategiak nolako lehentasunezko finantzaketa publikoa jasotzen duen. COVID-19aren krisialdiko neurrietan logika bereko adibide anitz ditugu.

“Hau eta gero” zein dira onartuko dugun “normalitate berria”ren zutabeak?
"Normalitate berriaren diskurtsoa" borrokatu beharreko lurraldea izango da, sistemaren ondorioak krisiaren ondorio bezala saldu nahiko dizkigutelako

COVID-19aren krisialdiaren garaian hartutako zein neurriri eutsi beharko genieke? Zertarako balio dute neurri horiek eta norentzat? Etorkizun hurbileko agertokien izaera eta egonkortasuna ezezaguna da. Krisia sistemikoa da, eta kolapso egoera honetan sistema berrartikulatzen saiatuko da, bere interesetan sakontzen jarraituz. Zentzu horretan, “normalitate berriaren diskurtsoa” borrokatu beharreko lurraldea izango da, sistemaren ondorioak krisiaren ondorio bezala saldu nahiko dizkigutelako. Borroka horretan, “normalitate berria” planeta eta herritar guztiak babesteko baliatu behar dugu, gero eta naturalizatuagoak genituen desberdintasun sozialetara ez bueltatzeko, eta ezinezkoak ziruditen politikak posible direla sinisteko. Hori horrela bada ere, jakitun gara gure senak betiko normalitatera bueltatzeko joera izango duela (horretan kapitalismoak ederki jakin izan du bere kartak jokatzen, epe motzeko asetasunak elikatuz). Honetarako hausnarketa interesgarria proposatzen du Marina Garcesek: Zer da bizitza osasuntsua? Zein dira benetan osasunaren mugak? Elikadura sistemaz ari garenean, immunitateaz eta janari seguru eta aseptikoez harago, gure osasuna eta osatze kolektiboa zerekin konektatuta dagoen begiratzera garamatza. Alde batetik, gure osatzea lekukotuz, ziklo naturalekin konektatuz eta zaurgarritasunak eta interdependentziak onartuz, baita ere belaunaldi eta ezaugarri ezberdinen artekoak. Bestetik, erantzukizunak hartuz, norbanakoaren baitan ere badaudelako aldaketa aukerak, pribilegioak eta eragiten ditugun biolentziak baietsiz eta ez dagozkigun ardurak utziz.

Agroekologia feministak logika produktibista eta kontsumistatik bizitzaren iraunkortasunaren eta deshazkundearen kulturara garamatza

Normalitate berria izendatzerakoan agroekologia feminista izan behar du izenetako bat, sistemaren logika produktibista eta kontsumistatik bizitzaren iraunkortasunaren eta deshazkundearen kulturara eraldatzera garamatzana.

Eta elikagaien ekoizpen eta kontsumo eredu iraunkorrarekin bat egiten duen jendartea dugunean, agenda publikoak ezinbestekoa izango du eredu eta marko politikoa garatzea. Azken batean, jendartetik sortzen diren proposamenak/alternatibak gaur egungo sisteman sustraietan eta erdigunean dagoena ikusaraztea eta aldatzea dute helburu. Izan ere, asmo oneko planteamendu orokor batetik harago, “garai honetan” eztabaidatzen ditugun proposamenek bokazio pragmatiko eta politikoa izan behar dute, elikadura burujabetzak asetzen dituen premiak lehenesteko eta ulertzeko eta gure bizitzen errealitatean txertatzeko.