Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

"Nolako Nafarroa nahi dugun aukeratu beharra dugu, nitratoz betea edo ekologikoa"
2021-03-25  |  Garazi Zabaleta

Otsailaz geroztik lehendakari berria du Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak: Mirian Otxotorena. Edorta Lezauni hartu dio lekukoa Lizarraldeko artzain eta gaztagileak, hain zuzen, kontseiluak 25 urte beteko dituenean Nafarroan trantsizio ekologikorako bidea jorratzen. Mende laurden honetako bideaz eta etorkizunaz galdetu diogu.

NNPEKren mende laurden honen zer balorazio egiten duzue?

Ekoizle eta hektarea oso gutxirekin hasi zen kontseilua bere garaian, eta ikusten dugu pixkanaka geroz eta ekoizle eta labore-lur gehiago batzen ari direla. Aldaketa hori positibotzat jotzen dugu, beste norabide batean doazen makrogranjen eta industrializazioaren aurrean gure bidea egiten eta tokia irabazten ari garela esan nahi duelako. 700 ekoizle inguru daude gaur egun zertifikatuak Nafarroan, baina egia da lurren %6,5 besterik ez direla oraindik ekoizpen ekologikokoak. 2030 urteari begira Europak ezarri duen %25eko helburutik oso urruti gaude oraindik. Beraz, urteotako balorazio positiboa egiten dugu, baina aurrera begira bultzadak handiagoa izan beharko du.

Eta nola emanen duzue bultzada hori?

Promozioa eta sentsibilizazioa egiten jarraitzea da asmoa, bai kontsumoari eta baita ekoizleei begira ere. Ekoizleak animatu beharra ditugu lurrak eredu ekologikora pasatzera, trantsizio ekologikoa bultzatzeko. Nola eginen dugun hori? Bada, poliki-poliki pausoak emanez, eta noski, administrazioaren papera ere garrantzitsua izanen da horretan: bultzada eman beharra du, laguntza formakuntzan, ekonomikoki… Nolako Nafarroa nahi dugun erabaki beharra dugu: nitratoz betea edo ekologikoa, bertako nekazaritza duena edo esportazioetan oinarritua. Eta kontziente izan eredu baten edo bestearen artean aukeratu beharra dagoela, ezin dira biak batera bultzatu.

Ekoizpen ekologikoa landa-garapenerako eta gazteak sektorera erakartzeko aukera ona dela planteatu izan duzu. Zergatik?

Nafarroan geroz eta nekazari txiki gutxiago daude landa eremuan, produkzio handien eredua bultzatzen delako. Baina, aldi berean, badira figura batzuk herri txikietan, despopulazioaren aurrean alternatiba bezala nekazaritza ekologikoa aukeratu dutenak. Eredu horretan, merkatuetara joanaz, salmenta zuzena eginez eta beste era batera ekoiztuz, uste dut badagoela jende gaztea prest sektorean sartzeko eta herrietan bizitzeko, eta badagoela alternatiba. Ekoizpen txikiarekin, bertako baliabideak eta komunalak erabiliz, gure produktua transformatuz, eta gainera ekologikoan ekoitziz, badago beste sektore batzuetara iristeko modua.


Zurea bidali