Bizi-baratzea

Nesken mutilazio genitala debekatu du Sudanek
2020-05-05  |  ARGIA

Sudango Gobernuak debekatu egin du nesken mutilazio genitala eta urrats historikotzat jo dute emakumeen eskubideen defentsan. Dena den, kezka dago legea ez dela nahikoa izango sozialki oso errotuta dagoen ohitura hau ezabatzeko.

Argazkilaria: Ayomi Benedicto.

Isuna eta hiru urteko kartzela-zigorra jaso dezake mutilazioa ospitalean edo ospitaletik kanpo egiten duenak. Hala dio Sudango legeak, joan den apirilaren 22az geroztik. Aktibistek pozik hartu dute albistea, eta neurriak praktika honi frenoa jartzen lagunduko duela uste dute, baina baita ere oraindik bidea dagoela egiteko.

Oso praktika arriskutsua

Oso praktika arriskutsua da, arazo mediku larriak sor baititzake, hala nola infekzioak, kisteak, haurdun geratzeko zailtasunak eta sexu harreman minberak.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, 14 eta 49 urte artean dituzten Sudango emakumeen %87ak mutilazio genitalen bat sufritu dute. Munduan, kalkulatzen da 200 milioi neska eta emakume inguruk sufritu dutela praktika hau, Afrikako 27 herrialdetan eta Asia eta Ekialde Ertaineko hainbat zonaldetan.