Bizi-baratzea

Aktualitatearen Gakoak 2020

Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago
2020-08-02  |  Jenofa Berhokoirigoin

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak bertatik asetzeko posibilitatea. Erronka eder horri so jarri gara, ekoizpen espaziotzat Euskal Herria bere osotasunean hartuz. Hiru laborarirekin hitz egin dugu, baita nekazaritza esparruan aktibo diren beste eragile batzuekin ere. Helburua betetzeko bidean ditugun aukerak zein oztopoak azaldu dizkigute, helmugara iristeko asmoz eman beharreko aldaketak ere plazaratuz.

 

Ortzi-mugan elikadura aldetik burujabe litzatekeen Euskal Herri bat ezarri eta helmugara heltzeko bideari begira jarri gara. Gaur egungo errealitatetik begiratuta bideak luzea –ez bada luzeegia– dirudi. Alta, egingarria da, baldin eta eman beharreko aldaketak ematen baditugu –guztiok, bai nekazariek, bai instituzioek eta baita herritarrok ere–. Bide horretaz aritu gara luze eta zabal Leitzako Gotzone Sestorain, Abadiñoko Unzalu Salterain eta Itsasuko Maryse Cachenaut laborariekin. Sestorainek Nafarroako errealitatetik hitz egin digu, Salterainek EAEkotik eta Cachenautek Ipar Euskal Herrikotik. Hiruak dira agroekologiaren alde, hau da, laborantza herrikoi eta iraunkor baten alde militatzen ari, eta noski, laborantza industrialak ekar lezakeen elikadura burujabetzarik ez dute nahi, sozialki, ekologiko eta ekonomikoki kalteak besterik ez dituelako ekartzen eredu horrek. Hauez gain, Juan Manuel Intxaurrandietarekin ere hitz egin dugu, Nafarroako INTIA Nekazaritzako Elikagaien, Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko gerente izandako eta gaur egun teknikari denarekin, baita Patxi Iriart, Euskal Herriko Laborantza Ganberako langilearekin ere. Guztiek dute auzia klima larrialdiaren testuinguruan kokatu eta agroindustriatik agroekologiara pasatzeko behar gorria azpimarratu dute.

Hasi baino lehen, argi ukan dezagun zer den elikadura burujabetza. “Bide Berriak, elikadura burujabetza Euskal Herrian” dokumentalaren egileek emandako definizioari segi, “herriek bere elikadura sistemaren inguruan erabakitzeko eskubidean oinarritutako ikuspegi politikoa da. Merkatuen zentralitatea, bizitzaren pribatizazioa eta desberdintasunak bultzatzen dituen ereduaren kontra, elikadura burujabetzak bizitza eta elikadura zentroan jartzea proposatzen du eta beste eredu sozialak eta ekonomikoak amankomunean eraikitzea”. Via Campesina nekazari ttipien sindikatuak eskubide gisa kokatzen du: “Osasuntsua eta kulturalki egokia den elikadura izateko herriek duten eskubidea da, metodo iraunkorren bidez ekoiztutakoa, eta herriek beren nekazaritza eta elikadura sistemak definitzeko duten eskubidea”.

Euskal Herriko itzulia egin eta begibistakoa gelditzen zaigu zer nolako erliebe, paisaia eta klima aniztasuna duen gure herriak. Laboraria lurrarekilako harreman estuan izanik, betidanik egokitu da bere inguruneari, araberako ekoizpenak garatuz. Horrek ondorio interesgarria dakar: Euskal Herria anitza da, barazkigintzatik fruitugintzara, arrantzara eta kabale hazkuntzetara pasaz, guztia ekoiztu dezakegu eta guztia ekoizten dugu. Elikatzeko orduan beraz, nahi izanez gero, bertatik jaso dezakegu denetarik eta hau aberastasun handia da. Alta, aipatu dokumentaleko datuei segi, Euskal Herrian ekoizturikoaren %4 bakarrik kontsumitzen dugu eta gainera, inportaturikoak pisu handia du gure plateretan.

Euskal Herria munduan kokatua izaki, mundu mailan hartzen diren norabideek zeharkaturikoa ere da. Sekulako aldaketa bizitu du lehen sektoreak azken hamarkadetan: laborantza modernizatzeko –ulertu, industrializatzeko, espezializatzeko, intentsifikatzeko– beharra saldu zitzaien lurraren langileei. Bigarren Mundu Gerla eta gero hasi zen prozesua Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi mailan; Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan geroago, 1986an Espainiako Estatuak Europar Batasuna integratzeko hautua egin zuenean. Eta gaur egungo lehen sektoreak ez du ezer ikustekorik gure aitatxi-amatxiena izandakoarekin. Gutxiago ala gehiago, zazpi lurraldeetan errotu da eredu industriala. Eta gutxiago ala gehiago, ondoan beti hor dira logika iraunkorrean dihardutenak, indartsu Ipar Euskal Herriari dagokionez, ahulago eta minorian Hego Euskal Herrian.

“Ipar Euskal Herrian ez gira beste lekuetan bezain urrun joanak, ez gira hain industrializatuak, santza hori badugu”, dio Cachenautek. Nahi balute ere, ezingo luketelako, ingurumen menditsuak mugatzen duelako. Hori horrela, etxalde ttipi-ertainek bideratu laborantza herrikoi eta iraunkorra nagusi da eta horren alde lanean dabilen mugimendua ere aberatsa da ekimenez eta egiturez. Egoera bestelakoa da nagusiki esportaziora bideraturiko nekazaritza industrial boteretsua duen Nafarroan –batez ere barazkigintzan, zerealgintzan eta txerri hazkuntzan–. Ekologikoan eta eredu iraunkorrean dabiltzan baserri ttipiak izanda ere –batez ere Nafarroa iparraldean–, pisu gutxi dute beste ereduaren parean. Intxaurrandietak dio: “Nekazaritza ekonomikoki inportantea da eta ekonomia konbentzionalaren ikuspegitik, oraindik gabiltza betiko mezuekin: lehia da inportantea eta lehiatu ahal izateko, behar dena da handia izan, espezializatu eta esportatu. Hori ez dator bat elikadura burujabetzarekin”. Datu esanguratsu bat: behi esnedunetan, eredu ekologikoan diharduen Jauregia izeneko baserria bakarra da eta Caparrosoko 5.000 behiko behitegia ere haien errealitate dute nafartarrek. “Agroindustria lurra eta ura bereganatzen ari da, nekazari ttipiak desagerraraziz. Sozialki desastre bat da”, Sestorainen hitzetan. Argi du: “Beraientzat elikagaiak ez dira herritarrak elikatzeko, baizik eta dirua ateratzeko beste merkantzia bat. Orduan ekoizpen kostuak ttipitzen saiatzen dira, eta hori egiten dute asko produzitzeko asmoz eremu asko akaparatuz eta beraien langileak esplotatuz”. Araban ere dute esportaziora bideraturiko ekoizpena, Gipuzkoa eta Bizkaia orokorki basogintzan espezializaturik direlarik: “Basogintzan esnetarako behietan eman den politika berdin-berdina da: monokultura, intentsiboa eta espezializazioa. Pinua izan da nagusi eta interes ekonomiko handiak daude atzetik, gaur egun basogintzako lobbyen eskuetan daude geroz eta gehiago”.

Ipar Euskal Herritarrontzat irudikatzea neke zaigun errealitatea dago beste lau lurraldeetan: inbertsio fondoak ari dira baserriak eta bodegak berenganatzen eta sistema integratua martxan da –“zuk jartzen dituzu zure instalazioa, baserria eta esku-lana, baina ez duzu kudeatzeko aukerarik, erabaki guztiak hartzen ditu integradoreak, berak jartzen ditu txerriak, pentzuak eta medizinak, zuk egiten duzu langile-lana baina ez zara langile, bere nominan ez zaude, autonomoa zara, eta erabaki guztiak kanpotik datoz eta zergak kanpoan pagatzen dira”, Intxaurrandietak azaltzen duenez–. Aragonesak edo katalanak izan ohi dira integradoreak. Orokorki, zazpi lurraldeetan laborari eta baserrien kopurua apalduz doa abiadura handian. Haatik ekoizpena azkarki emendatu da, direnek geroz eta gehiago ekoizten dutelako, batez ere agroindustriako alimaleek.

Elikatzeko orduan, nahi izanez gero, bertatik jaso dezakegu denetarik eta hau aberastasun handia da. Alta, Euskal Herrian ekoizturikoaren %4 bakarrik kontsumitzen dugu eta inportaturikoak pisu handia du  gure plateretan

Baina argi geldi dadila: dena ez da zuri ala beltz, beltzean puntu zuriak badira eta zurian berriz beltzak. Hau da, korronte nagusi industrialaren kontrako zentzura doazen laborariak daude zazpi lurraldeetan –Nafarroan hamabi kalitatezko sormarka izatea da horren adibide, demagun– eta logika industrialaren mehatxua bada Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ere.

Hori horrela, nola irauli egoera? Nola babestu orain arte biziraun duen eredu herrikoia Ipar Euskal Herrian eta nola bideratu berriro eredu iraunkorrera Hego Euskal Herriko lehen sektorea?

Instituzioen ardura handia

Europar Batasunak 1962an martxan jarritako NPA Nekazaritza Politika Amankomunak bideratzen du gure laborantza. Oinarrian, Europatik Europako herrien elikadura hornikuntza segurtatzea zuen helburu eta bi zutabetan banatu zen politika: lehena ekoizpena sostengatzera eta bigarrena, baserri munduaren garapena segurtatzera. Arazoa da helburua bete arren, logika berean segitu duela EBk –kantitatea kalitatearen aurrean kokatuz– eta eredu produktibistaren sostengatzen diharduela oraindik. 60ko hamarkadan Frantziako Laborantza ministro izandako Edgard Pisaniren hitzak oroitarazten ditu Cachenautek: “Politika batek funtzionatzen duenean erran nahi du mundua aldatu duela eta mundua aldatu den heinean politikaz aldatu behar da”. NPAk ez du aldaketarik bideratu: lehen zutabera bideratua da aurrekontuaren %80 eta lur eremuaren araberakoa da laguntzaren heina. Hots, geroz eta handiagoa izan eta geroz eta laguntza gehiago jasotzen da –eta larriena, lurrak lantzearena ez dela baldintza bat, landu gabe ere jasotzen da dirulaguntza–. Noski, ondorioztatu kalteak ikaragarriak dira munduko Hegokoentzat, merkatuak finkatu prezioen arabera, horren parean hango nekazariek ezin dutelako konpetitu konkurrentzia desleialaren parean –haiek ez dituzten dirulaguntzen bidez ahalbideturikoa, erran gabe doa– .

Laborantza herrikoia eta iraunkorraren aldeko NPA batera heltzeko erronkaz galdetuz gero, bidea zaila eta dorpea dela argi geratzen da erantzunak entzunez. “1992ko erreformarekin esperantza ukan nuen baina apenas aldatu zen… inertziak potoloak dira”, dio Intxaurrandietak, Cachenautek berriz “biziki urrun joan dira, laguntzak eremuaren arabera banatze hori ez dute aldatuko, tendentzia ez da aldatuko”. Hala eta guztiz ere, elkarrizketetan behin baino gehiagotan atera da Europako Batzarrak maiatzaren 20an aurkezturiko Farm to Fork edo Baserritik Sardexkara estrategia, bidea irekitzeko aukera gisa planteatuz. Hain zuzen, behingoan ingurumenari eta iraunkortasunari garrantzia bideratzen dio Europak, helburuak ere zentzu horretara planteatuz: hemendik 2030era %50 ttipitu nahi da pestiziden erabilpena eta orokorki, lurren %25 ekologikoan lantzea finkatu du. Horrek “aukera berriak irekitzen“ dituela dio Salterainek, argi utziz hala ere “kontraesanak” badirela, tartean merkatuaren liberalizazioa dakarten akordioek bere horretan segitzen dutelako. Nekazaritza herrikoi eta iraunkorraren ikuspegitik helburu interesgarriak jarririk, orain mekanismoak aldatzea da erronka: dirulaguntzen banaketak ere zentzu berera joan beharko du. Lehen zutabe hori irauli beharra da. Dirulaguntzak nekazaritza iraunkorrera bideratu eta Sestorainek gehitzen duenez, “esportaziorako baldin bada dirulaguntzarik ez banatu” eta “ekoizpenak tokiko beharren arabera antolatu”. Elkarrizketatu guztiek diote gauza bera: Bruselan eta Estrasburgotik etorri behar lukeen aldaketa itxoitea ez da nahikoa eta aldaketa tokian-toki bideratu daiteke. Eta horretan, “ardura”, “eginkizun” eta “eragin” alimalea dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak baita udalek ere. Esparru horiei dagokionez, nekazaritza herrikoia eta iraunkorra sostengatzeko aldera, azken urteetan aldaketa baikorrak egon arren, orokorki tendentzia nagusia nekazaritza industriala sustatzean dela diote. “Eusko Jaurlaritzaren nekazaritza politikan era positiboan baloratzekoak diren aldaketak egon dira, bereziki baserriratzeko prozesuetan; baina oraindik ere baditu nabarmeneko ajeak, oraindik ekoizpen eredu intentsiboa sustatzeko eta babesteko joeran daude. Uste dugu mentalki oraindik instalatuta daudela eredu guztiak posible direnaren ustean eta elkarren artean ez direla talkan eta guk horrekin ez dugu bat egiten”, Salterainek azaltzen duenez. Eroskirentzat ekoizten dabilen Almeriako tomate ekoizle multinazional batek Arabako Gaubea herrian asmoa duen 18 hektareako ekoizpen intentsiboa Gobernuak sostengatzea ematen du adibide gisa. Egoera berdintsua da Nafarroarentzat. Sestorainek dioenaz, nahiz eta egon ekimenak eredu iraunkorrera bideraturik, “benetako apustu bat egitea” falta da. Arazo nagusienetarikoa AN lehen Agropecuria de Navarra zena eta gaur egun Alimentación Natural deituriko egiturak duen boterean kokatzen du, nekazaritza politikak bideratzen dabiltzalako. Adibidetzat, Nafarroako Ubidea aipatzen dute Intxaurrandieta eta Sestorainek. Itoizko urtegitik Nafarroa hegoruntz doan ubidea, bertako 53.000 hektarea lur lehor ureztatzeko.  Alde baikor gisa edozer gauza ekoizten ahalko dela dio Intxaurrandietak, baina azpiegitura eta aurrekontua ikaragarriak direla. Nekazariarentzat ere inbertsio handia da, ura pagatu beharko duelako eta ekoizpenaren arabera, agian ez delako errentagarria. Zentzu berera doa Sestorain: hori horrela, nekazari ttipiek lurrak agroindustrial handiei saldu beharko dituztela dio, “latifundizazio” egoera deitoratuz: “Gaur egun ekoizpen eskubidea handien esku da”.

Euskal Hirigune Elkargoan behintzat elikadura burujabetzaz hitz egiten da eta funtsean, aurtengo otsailaren 22an aurkeztu txostenean Ipar Euskal Herriarentzako elikadura proiektu bat adostu dute, “kontsumitzaileen ohitura eta eskaera berriei egokitua, geroz eta gehiago tokian tokiko horniketa lehenetsiz, ingurumena errespetatuko duena eta ekoizleen errentari dagokionez axola izango duena”. Argiki diote: “Egitasmoak helburutzat du lurraldearen elikadura burujabetza”. Horren alde lanean aritu nahi dute beraz eta txalotzekoa da.

EHLG ere dabil xede horrekin hasieratik eta bi pertsona dabiltza helburura heltzeko bidea lantzen. Hauen artean dugu Iriart eta azaltzen duenez lurra eta elikaduraren arteko loturari so dira. Laborantza lurrak desagertuz doazen heinean, ondoko elementua jakin nahian dira: 2050ean bertatik bertako herritar guztiak elikatzeko gisan zenbat lur beharko dugu? Turismoak pisu handia ukanki, turistak ere jarri dituzte kalkuluetan, bertan elikatzen diren guztiak kontutan hartzeko gisan. Oinarritzat bi plater ukango dituzte: bata, orain arteko elikadura ohiturarena eta bestea, naturak eman dezakeenari egokituta, “dakigulako guztiak gu bezala elikatzen balira ez litzatekeela iraunkorra munduarentzat eta ez genukeela aski baliabide naturalik”. Noski, elikadura guztia laborantza herrikoian eta iraunkorrean oinarritua litzateke. Ekoizpenaren antolaketari ere begira jarri beharko dira, gaur egun ardi eta behi hazkuntza delako nagusi Ipar Euskal Herrian eta demagun, barazkiei dagokionez beharren %5 bakarrik delako bertatik asetzen.

EAEn 1999tik 2009ra 8.150 baserri desagertu dira, %33 jaitsi da kopurua; 2009tik 2019ra Nafarroan  9.000 dira desagertu, %36 apaldu da; eta Ipar Euskal Herrian ere 2000tik 2010ra 840 gutxiago dira, baserrien %25a

Lurraren erronkari dagokionez, “ezkorrago” dela aitortzen du Cachenautek. Instituzioek eta herriko etxeek horri begira ardura handia dutela dio: “Ez dut sentitzen lotura egiten dutenik behar dugun laborantzaren eta lurren babestearen artean. Eraikuntzak manatzen du guztia eta hori arazo handia da, lur bat desagertzen denean usu betiko delako desagertzen”. Etxebizitza politika berrikusteko premia ikusten du itsasuarrak. Lurren antolaketa, dirulaguntzen banaketa, ikastetxe zein zaharren egoitzetako sukalde kolektiboen horniketa, udalek asko egin dezakete elikadura burujabetzaren bidean. “Botere publikoek busti egin behar dute; beraiek izan dira hau dena norabide batetan eraman dutenak eta orain egin behar dute gauza bera baina kontrako norabidean, lagundu egin behar dute” Sestorainek dionaz. Hori erraterakoan, batez ere Nafarroako Gobernuaz ari da, baina udalei ere eskatzen dizkie aldaketak. Eztabaida “lurreratzeko”, hots udaletaraino eramateko garrantzia ikusten dute guztiek: “elikadura burujabetza posible den aztertzeko eta gero hortik antolatzeko”, Salterainen ustez. Zentzu horretara lanean dabiltza batzuk, tartean Nafarroako Mendialdea mankomunitatea.

Herritarren presioa

Maila lokaletik haste, agroindustriak sekulako botere eta eragina du instituzioen gain. Hori horrela, guztien ahotarik aterabide bera entzuten da: herritarren presioa. Vandana Shiva ekofeminista indiarraren hitzak gogoraratzen ditu Intxaurrandietak: “Egunean hiru aldiz egin dezakegu iraultza: gosarian, bazkarian eta afarian”. Azkenean, erosten dugunaren arabera, eredu bat ala bestea sustatzen dugulako. Kontsumo ereduari dagokionez, aldaketa baikorrak sendi dituzte guztiek, tokikoa eta kalitatezkoa kontsumitzearen ideiak geroz eta leku gehiago hartzen duelako herritarren artean. Baina horrez gain, herritarrek instituzio publikoen erabakietan eragiteko boterea ere dutela diote. Transgenikoen gaia dugu adibide on bat: Ipar Euskal Herrian transgenikoaren ekoizpena debekatua da eta hori herri mugimenduari esker lortu zen, duda gabe. Hego Euskal Herrian aldiz kantitate handian dira, batez ere Nafarroan –9.166 hektarea ziren 2019an, hegoaldean kokaturik–. Sestorainek argi du: “Baldin badago nekazarien, kontsumitzaileen eta udalen aldetik bulkada bat, elkarrekin eramana eta antolatua, Nafarroako politiketan eragin daiteke. AN bezalako botere faktikoak eragiten du, eta guk antolatu behar dugu kontrako norabidean indarra egiteko eta egiazko aldaketak bideratzeko”. “Kontra-botere efektibo” gisa kokatzen du Salterainek ere jendartea, kontsumoa “elementu eraldatzaile garrantzitsua” delako.

Laborariak behar dira, anitz

Helburua betetzeko laborariak beharko dira eta kantitate handian. Azken urteetako tendentzia irauli behar litzateke – EAEn 1999tik 2009ra 8.150 baserri desagertu dira, %33 jaitsi da kopurua; 2009tik 2019ra Nafarroan 9.000 dira desagertu, %36 apaldu da; eta Ipar Euskal Herrian ere 2000tik 2010ra 840 gutxiago dira, %25a–. Tendentzia beste aldera bideratu behar da, Salterainek ohartarazten duenez, bestela agroindustria jarriko delako eskaerari erantzuten. Arabako Gaubea herriko tomate ekoizpen proiektua jartzen du adibidetzat: “Iraunkortasun ikuspegiarekin janzten dute, ‘0 kilometro’ kontzeptuarekin, dakitelako kontsumitzaileek baikorki baloratzen dutela, baina kontzeptu hori perbertitzen dute, bakarrik distantzia fisikora mugatzen dira, inondik inora kontutan hartu barik nola ekoizten den eta zer inpaktu ukanen duen inguruko ortugintzan”.

Baserrian lanean hasteko bideratu dirulaguntzak jasotzeko baldintzak berrikusi behar direla diote elkarrizketatu guztiek. Gaur egungo ikuspegiari segi, inbertsio ikaragarriak egin behar dituelako laborantzan abiatzen denak eta ekoizpen hein oso handia galdetzen zaielako. Etxalde ttipi bat bizigarria izan daiteke, kalitatea lehenetsiz eta salmenta zuzena eginez eta dirulaguntzak horretara bideratu behar direla diote. Nola ez, lurrak eta baserriak eskuratzeko bidea ere erraztu behar zaie gogoa dutenei –tartean, lurraren espekulazioa geldituz–. Azkenik, eta garrantzia handikoa, lanbide hau baikorki baloratzeko beharra: “Baserritar izatea karga bihurtu da eta laborari izatea ezin da karga bat izan, laborari izateak izan behar du ofizio erakargarri bat, harrotasunez egingo duzuna eta gainera modu duinean bizitzeko aukera emango dizuna –eta duintasuna ez da neurtzen bakarrik dirutan–, Sestorainen hitzetan. “Buruko txiparen aldaketa” beharrezkotzat du, argi duelako “zoriontsu bizitzeko aukera” dela nekazari izatea.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.