Bizi-baratzea

Olinpiar Jokoak

Neguko Joko Olinpikoen kontrako plataformak milaka lagun bildu du Kataluniako Pirinioetan
2022-05-16  |  Jon Torner Zabala

2030eko Joko Olinpikoen hautagaitzaren inguruan uztailaren 24an egingo den galdeketari begira dago Stop JJOO plataforma. Puigcerdá herrian deitutako manifestazioa, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen abiapuntua izan da.

'Pirinio bizi batzuengatik' lelopean egin dute manifestazioa Puigcerdán / Argazkia: ANC

Milaka lagun bildu du igandeko manifestazoak –5.000 inguru antolatzaileen arabera, eta 1.500 udaltzainen arabera–, Pirinioetan egin asmo dituzten Joko Olinpikoen hautagaitzari ezezkoa adierazteko. 30 jai egun, 30 miseria egun, Kapitalaren aurka landa-borroka eta Lurrak ez du preziorik moduko leloak haizatu dituzte manifestariek, Carme Rocamora kazetariak jaso duenez El Nacional agerkariko kronikan.

ANC Kataluniako Asanblea Nazionalak antolatutako autobusetan joan da jende asko Puigcerdára. Manifestarien artean proiektuaren aurka zaldu diren CUP eta Comuns alderdietako kideak egon dira, baita ERCko ordezkari Rubén Wagensberg eta Jenn Díaz ere, nahiz eta ERCk bestelako ikuspegia duen Neguko Jokoen hautagaitzaz.

Manifestazioa amaituta, Stop JJOO plataformako kideek hartu dute hitza. Helena Guillének adierazi du eredu jasangarriago baten alde egin behar dela Pirinioetan, eta garrantzia handiagoa duela herritarren bizi-baldintzak hobetu eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeak.

Bernat Lavaquiolek, bestalde, salatu du Neguko Joko Olinpikoak ez daudela pentsatuak bertan bizi direnentzako, baizik eta "betiko kazikeak aberasteko". Gaineratu du kalitatezko lanpostuak nahi dituztela, Pirinioak ez daitezen izan soilik metropolietako herritarren aisialdi-gunea. Haien hitzak bat datoz Stop JJOO plataformako kide Pau Lozanok pasa den hilean ARGIAko Lukas Barandiaranek egindako elkarrizketan esandakoekin.

COEren epe-muga eta galdeketa

Ostegunean, hilak 20, amaituko da COE Espainiako Batzorde Olinpikoak jarritako epe-muga, Kataluniako Generalitatea eta Aragoiko Gobernua akordio batera hel daitezen, 2030eko Jokoen hautagaitzari begira.

Bestetik, Kataluniako Gobernuak bi galdeketa egingo ditu uztailaren 24an Pirinioetako herrietan, 2030eko Neguko Olinpiar Jokoen hautagaitzak daukan babesa neurtzeko. Kirol probak egingo diren herrietan galdera izango da: "Kataluniako Gobernuak aurkeztu beharko luke hautagai zerrenda, Joko Olinpiko eta Paralinpikoetarako?".

Aldiz, Jokoen eragina zeharka nabarituko duten beste herri batzuetan, honakoa izango da: "Eskualdeak hartu behar al du parte Joko Olinpiko eta Paralinpikoen proiektuan?".


Zurea bidali