Bizi-baratzea

Nafarroan nekazal lurren %7 ekologikoan lantzen da, baina lau aldiz gehiago izan behar luke EBren arabera
2022-05-05  |  Urko Apaolaza Avila

Ekologikoan dabiltzan ekoizleen eta transformatzaileen kopuruak berriz ere gora egin du Nafarroan 2021 urtean, baita ekologikoaren ziurtagiria duen hektarea kopuruak ere, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoak jakinarazi duenez. Nafarroako nekazal lurren %7k dauka ziurtagiri hori, baina Europar Batasunak gomendatzen duen %25etik oso behera dago oraindik.

Nafarroan 64.000 hektarea lantzen dira \"ekologiko\" ziurtagiriarekin (Argazkia: NNPEK)

Nafarroan 62.043 hektarea daude ekazaritza eta abeltzaintza ekologikora bideratuak, eta 764 operadorek 2.500 elikagai sortzen dituzte 35 sektoretan, "ekologikoa" ziurtagiriarekin. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) azken txostenean ageri dira datuok.

Mirian Otxotorena NNPEK-ko presidenteak aurkeztu du txostena ostegun honetan, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen sailburuarekin, Natalia Bellostas INTIAko gerentearekin eta David Ruiz NNPEK Kontseiluko kidearekin batera. Nabarmendu dute Nafarroako sektore ekologikoak hazten jarraitzen duela, bai azalera aldetik eta baita ekoizle, tranformatzaile eta inportatzaile aldetik ere.

Hala, 2021ean operadoreen kopuruak %6,9 egin du gora eta ekologikoan lantzen diren hektareak %2,6 gehiago dira. Gaur egun Nafarroako nekazal lurren %7k dauka ekologikoaren ziurtagiria. Hala ere, Europako Batzordearen Baserritik Mahaira estrategiaren arabera, kopuru horrek gutxienez %25ekoa behar luke 2030 urterako, oraingoaren laukoitza alegia: "Egin beharreko bidea luzea da eta denbora, urria", azaldu dute erakunde horretatik.

Beste datu bat ere eman dute, hala ere: nafar bakoitzak urtean 39,6 kg elikagai ekologiko kontsumitzen du, Espainiako Estatuko batez bestekoaren oso gainetik dago hori: "Honek aukera ematen digu nekazari, abeltzain eta laborantza sektoreko enpresek ekoizpen ekologikoarekin bat egin dezaten".

12.000 menu ekologiko egunero

Azoka ekologikoen eta esku artean dituzten proiektuen berri ere eman dute erakundeetako ordezkariek prentsaurrekoan; arbendola ekologikoak ekoizteko edo abeltzaintza ekologikoaren bidez belaunaldi-aldaketa faltari erantzuteko, besteak beste.

Jantoki kolektiboekin egiten ari diren lana nabarmendu dute, bestalde. Hala, dagoeneko elikagai ekologikoekin egunero 12.000 menu ematen dituzte Nafarroako 55 ikastetxetan, eta arlo horretan Nafarroa "erreferentziazko lurralde" bihurtu dela ziurtatu dute.