Bizi-baratzea

Nafarroako suteek ez dute etenik
2022-06-20  |  Xabier Letona Biteri

Astelehen eguerdian baieztatu du Nafarroako Gobernuak egoera "oso delikatua" dela, "bereziki aktibo" dauden bi fokurengatik: San Martin Unxekoa eta Erreniegakoa. Ziurtatu dute ez dela kalte pertsonalik ezta larriki zauriturik egon, eta prebentzioan arreta jartzen ari direla. Astelehen arratsaldean Esaren eta Leireko monasterioaren artean piztutako sutea itzaltzeko lanetan ari dira, baina hego haizeak ez du laguntzen.

Argazkia: EiTB.

Larunbatetik aurrera suak Nafarroa hartu du eta aipatzen ari da agian suteek Nafarroan inoiz sortu dituzten kalte handienen aurrean egon gaitezkeela. Milaka hektarea baso eta jasotzear ziren uztak erre dira. 900 pertsona inguru beren herrietatik atera behar izan dituzte. Astelehen eguerdian baieztatu du Javier Remirez foru gobernuko bozeramaileak bi sute (San Martin Unxekoa eta Erreniegakoa) "bereziki aktibo" daudela, eta egoera "oso delikatua" dela horregatik. Beste hiru fokuak (Los Arcos, Bardea, Ezkaba) "egonkortze eta zainketa fasean" daudela jakinarazi du.

Nafarroako larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute hustuta zeuden hamahiru udalerrietatik lau hauetara itzuli daitezkeela herritarrak, arriskutik kanpo daudelako: Arzotz, Artatzu, Girgillao eta Biguria.

Larunbatean hasi ziren suteak, lehenbizi Legarda, Arroniz eta Arguedas inguruetan. Hego-haize indartsuak laster barreiatu zituen garrak inguruetara, eta Bideko Autobia eta eskualdeetako errepide ugari itxi ziren, eta hainbat herri hustu. Larunbatean zehar eta igandean, halaber, Tafallan, Uxuen, Ollaibarren, Berriozarren eta Erron ere suteak piztu ziren.

Horren guztiaren ondorioz, 24 herrietatik atera behar izan dute jendea eta horietatik 13 hustu egin dituzte uneren batean, eta etxeak ere erre dira, esate batera Argiñarizen edo Obanosen. Astelehen goizaldean horietako hamahiruk hustuta jarraitzen zuten: Uxueko sutearen ondorioz, azken orduetan hustu dituzte Santsoain, Olleta eta Lerga; lehenago San Martin Unx, Girgillao, Etxarren Girgillao eta Amatrian ustu dituzte. Igande gauean, halaber, Artazu, Eslava eta Gallipentzuren txanda izan da. Guztiak daude kontrolpean, Galipentzu eta Erreniegakoa izan ezik.

Sendavivan 2.500 pertsona atera zituzten

Larunbatean ere, Arguedaseko Sendavivako parketik 2.500 pertsona atera behar izan zituzten, baita animalia ugari ere. Parkeko arduradunen esanetan, horietatik %98 ongi dira. Arroniz eta Arguedaseko suteak igandean kontrolatuta zituzten, eta Berriozar aldean Ezkaba mendian sortutako sutea ere bai.

Astelehen goizaldean egoera hobetzen ari zen Erreniegako sutean –larunbatean Legardan piztu zena–, baita San Martin Unxekoan ere. Tenperatura baretu egin da eta iparrak hezetasun pixka bat ekarri du, eta horrek egoera lagundu du. Tenperatuak oso altuak izan dira egunez eta gauez, eta larunbat gauean, adibidez, Iruñean 26,4º jaso ziren, erregistroak daudenetik inoizko altuena. Iruñean bertan, igande goiza erre usain sarkorrarekin esnatu zen.

Datorren ekainaren 22ra arte txinpartak sor ditzaketen laborantza makinekin lan egitea debekatu du Nafarroako Gobernuak. Gobernuak suteen aurkako herrialdeko baliabide guztiak jarri ditu abian, eta denera heldu ezinean ari da. Astelehenean bertan lau hidro-hegazkin iritsi dira lurraldera, eta Galipentzuko sutera bideratu dituzte, han baitago une honetan egoera larrien. Hamar helikoptero ere itzaltze lanean ari dira. Javier Ramirez foru gobernuko bozemaileak astelehen goizean jakinarazi duenez, Nafarroako 650 suhiltzaileak lanean ari dira eta inguruko erkidegoetako suhiltzaileak ere inguratu dira suteei aurre egitera. Nekazariek ere beren traktoreekin jardun dute sute guztietan, suak aurrea egitea eragozteko zangak irekitzen.

Neumaticos Lagun eta Planasa kiskalita

Izarbeibar da eremu kaltetuenetakoa. Legardan hasitako sutea igande goizalderako bailaran bertan kontrolpean zegoen –suteak mendebaldera egin zuen Erreniega eta Etxauribar aldera–. Gares, Obanos, Muruzabal, Adios, Legarda eta beste herrixka batzuetan kalte handiak izan dira soro eta basoetan, baina salbuespen gutxi batzuk kenduta, herrietan ez da sua sartu, hainbatetan gertu ibili bada ere. Obanosen bi etxe erre dira, Garesen bi etxalde eta Legardako udalerriaren %95 kiskalita geratu da, herria bera izan ezik gainerako ia guztia.

Herrialdearen hegoaldean, Arguedas eta Valtierrako sutean lau almazen erre ziren, eta bi lantegi: Neumaticos Lagun (Michelin) eta laborantza berrikuntzan diharduen Planasa, non 200 herritarrek egiten duten lan.

Leku askotako suhiltzaileak iritsi dira laguntzera. Behean Arabako Suhiltzaileak itzaltze lanetan.

 

 

 


Zurea bidali