Bizi-baratzea

Mutiloako zabortegia itxiko duela iragarri du CESPAk, sorpresaz
2020-02-14  |  Zero Zabor

Noticias de Gipuzkoa egunkariaren arabera, Mutiloan dagoen Lurpe zabortegia martxoaren 1ean itxiko du CESPAk. Erabakiak "sorpresan" harrapatu ditu enpresak, eta Mutiloako udalak ere horren berri ez dauka, Goierriko Hitzaren arabera.

Mutiloan urtero 200.000 tona hondakin "inerte" pilatzen zituzten –2019 arte etxeko hondakinak ere bai–. Itxiera aurreikusita zegoen arren, jadanik bere gaitasunaren mugara iristen ari zelako, erabakia bapatekoa izan dela dio Noticias de Gipuzkoak: "Albisteak sorpresan harrapatu ditu bezeroak (publiko zein pribatuak) eta baita plantako langileak ere". Dirudienez, zabortegiaren "segurtasuna bermatzeko" hartu dute erabaki hori eta zigilatze lanekin hasiko dira aurki.

Hain justu, egunotan Eusko Jaurlaritzak laguntza eskatu die EAEko zabortegiei, Zaldibarko gertaeraren ondorioz hara egunero joaten ziren 1.400 tona hondakin inerte nora eraman ez baitakite. Lurpek bazuen baimena, besteak beste amiantoa jasotzeko. Mutiloako zabortegira urtero eramaten ziren 200.000 tona horiei ere aterabidea eman beharko diete orain.

Mutiloako Lurpe zabortegia ezagun egin zen bertara Zubietako erraustegiaren eskoriak eramateko aukera zabaldu zenean. ARGIAn, CESPAko jabeek horretarako zituzten interesak argitaratu genituen.


Zurea bidali