Bizi-baratzea

Muskizko koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik zigortuko dute Petronor
2021-02-22  |  Oihane Arretxea Bereziartua

Espainiako Ingurumen Ministerioak zigor espedientea ireki dio Petronorri, koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik. Meatzaldea Bizirik elkarteak arau-hauste larritzat jotzen du. 2008an eraikitako instalazioa eraistea eragin dezake.

Argazkia: Zarateman

Espainiako Ingurumen Ministerioak Petronorren aurkako zigor espedientea abiatu du, Muskizko koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik. Meatzealdea Bizirik elkarteko kideek Bilbon egindako prentsaurrekoan egoeraren zehaztapenak eman dituzte.

2012an aurkeztu zuen lehen salaketa Meatzaldea Bizirik elkarteak. 2008an eraiki zuten planta Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren baimena zituztelarik. Kostan eraikitzeagatik ordea, Espainiako Ingurumen Ministerioaren baimena ere behar zen, baina hori gabe egin zuten aurrera. Iñaki San Miguel elkarteko kideak udalak izan zuen erantzukizuna azpimarratu du: "Koke lantegiaren eraikuntza baimendu zutenetako bat Muskizko alkateordea da egun". 

Zortzi urte beranduago abiatu da prozesu judiziala. Urtebeteko legezko epea du ebazteko eta arau-haustea larria dela ondorioztatzen bada, Meatzaldea Bizirik elkarteak urte luzez errepikatu duen moduan, isuna eta lantegia eraistea ekarriko luke. Horrez gain, plataforma ekologistaren ustez Petronorrek jasotako laguntza publikoak itzuli beharko lituzke. Hala nola, Europako Inbertsio Bankuak emandako 400 milioi euroak.

Cristina Alvarez elkarteko abokatuak dio prozesua “luzea” eta gogorra” izaten ari dela baina auzia irabazteko aukera handia dutela.

Ingurumenean eragina

Koke plantak,  jarduera-urte hauetan, eragin larria izan du ingurumenean, bai paduran, errepikatu diren isurketekin, bai osasunean,  isurtzen dituen partikula kutsatzaile ugariengatik, bai instalatu zenetik izandako intzidentziengatik.

Otsailaren 13an, Petronorreko instalazioetan petrolio isuri bat izan zela salatu zuten herritarrek. Enpresak gertaera horri garrantzia kendu nahi izan diola adierazi dute elkarteko kideek. “Galipota errekara heldu bada, jarioa handia izan delako heldu da. Bertako usaina izugarria zen, eta usain txarrak astelehenera arte ere iraun zuen”, kontatu dute.


Zurea bidali