Bizi-baratzea

Epidemiak  >  Koronabirusa

Munduko CO2 isurketek historiako beherakada handiena izan dute: %17
2020-05-20  |  Maria Ortega Zubiate

COVID-19aren pandemiaren ondorioz hartutako neurri zorrotzenen artean, herritarrak etxeetan konfinatzea erabaki dute munduko gobernu askok, eta horrek nabarmen eragin du ingurumenean: %17 jaitsi dira mundu osoko CO2 isurketak, eta urte amaierarako %4 eta %7 artean mantentzea aurreikusten dute. Datuak hartzen direnetik, historiako isurketa murrizketa handiena da.

Munduko biztanleria gelditu egin da, ekonomia-eredu kutsatzailea eta batetik bestera doazen garraioak bezalaxe. Horren eraginak naturan igarri dira: animaliak hirietan, landaredia belarra hazi ohi ez zen lekuetan, eta CO2 gutxiago airean.

Hain zuzen ere, atmosferara egindako isurketetan 2.000 milioi tona CO2 murriztea espero da aurten, iazko datuekin alderatuta, %5 inguruko jaitsiera, nazioarteko aditu talde batek Nature Climate Change aldizkarian argitaratu duenez. XVIII. mendetik, isurketak neurtzen direnetik, jasotako jaitsiera handiena da; aurretik, Bigarren Mundu Gerrak betetzen zuen leku hori, 845 milioi tona murriztu baitziren 1944 eta 1945 artean.

Pandemiaren punturik zorrotzenean, %27raino jausi dira Europako CO2 isuriak. Isurketen ia erdia (%43) garraioari lotuta dago, industriak eta ekoizpen elektrikoak osatzen dute gainontzeko %43. Aireko garraioak %10eko beherakada izan du.

Tentuz hartzeko albistea

Albiste ona da negutegi efektuari begira, CO2 gasa baita efektu hori sorrarazten duen isuri nagusia. Dena den, krisialdia bukatzean gasek berriz ere gora egin dezaketela ohartarazi dute adituek. 2008ko krisian, hain zuzen ere, horixe bera gertatu baitzen. Garai horretan %1,4 jaitsi ziren isurketak, baina hurrengo urtean %5,1 hazi ziren.

Nazio Batuen Erakundeko Ingurumen Programak adierazi du tenperaturaren igoera 2ºCtik behera mantentzeko urteroko isurketak %2,7 murriztu behar direla; eta %7,6, igoera hori 1,5ºCen azpitik mantentzekotan.