Bizi-baratzea

Mugak hesitu denon onerako
2020-07-23  |  Jakoba Errekondo

Ecology Letters aldizkarian argitaratu da Europa osoan egindako ikerketa erraldoi baten emaitza. Garbi diote: “Hesiak desegin eta lurrak berdintzen dituen nekazaritza intentsiboak izugarri murrizten du bioaniztasuna, animalietan bezala landareetan. Mugen dentsitate handiagoa duten eremuetan, egiaztatu dugu artropodo polinizatzaileen eta izurriteen kontrolatzaile naturalen ugaritasuna %70 eta %44 hazi direla hurrenez hurren. Era berean, %50 baino gehiago laboreak dituzten paisaietan muga-hesien dentsitatea handitzearekin ekoizpena hazi dela ikusi dugu”.

Erleak eta gainontzeko intsektuak, txoriak eta hegaztiak, eta bukatzen ez den abar bat galzorian daudela esatea boladan dago. Badakigu gure iraupenerako nahitaezkoak direla: polinizatzaile lanetarako fruituak eta haziak sortzeko, ekosistemen orekari eutsi eta izurriak eragozteko, eta abarretarako. Era berean badakigu geu ari garela ekozidio hori sustatzen, gero eta nabarmenago. Beraiek hiltzen dituen gure jokabideak (pestizidak, kutsadura...) geu akabatuko gaitu. Gure izaeraren osagai senide-hiltzailea eta suizida da. 

Jar diezaiogun hesi bat izaera horri, jokabide horri. Horixe bada irtenbide egoki bat. Hesitu zure sailak. Garai batean sail guztiek hesia zuten ertzean, mugan. Hesia bera zen muga. Itxitura egiteko hesiaren parte ziren zuhaitz eta zuhaixken adarrak erabiltzen ziren, zotz-hesiak osatuz. Laharrarekin (Rubus fruticosus) berarekin lahar-hesia, berro-hesia edo lapar-hesia egiten zen. Hesiaren (kultur?) helburu (kultural?) nagusia muga eta itxitura egitea bada ere, bere izaeraren axolazkoena landare anitzez osatua izatea da: zuhaitz, zuhaixka, sasi, belar, igokari, bizkarroi eta abar. Landaretze berezi horrek animalia eta bestelako izaki mordo bati eusten dio. Horiek denek ekosistema bat osatzen dutela esan daiteke. Elkarren beharra dute, lur bizi ekarkorra, inguru oparoa eta bioaniztasun aberatsa atxikitzen dutelarik.

Nekazaritza hesiak, kultur hesiak, alegia, desagertzen ari dira, lehenaz gain. Frantzian 1950etik hona milioi eta erdi kilometro inguru landare hesi galdu dela diote. 

Ekosistemetan aniztasuna sustatzeak biodibertsitatea hobetzeaz gain nekazaritza ekoizpena areagotu eta iraunkorragoa egiten du

Ecology Letters aldizkarian argitaratu da Europa osoan egindako ikerketa erraldoi baten emaitza. Bertan, aurrez egindako 1515 paisaiaren ikerketak biltzen dituzten 49 lan jaso dira. Egileen artean dago, adibidez, susmo orotatik at dagoen CSIC, Espainian ikerketan dabilen erakunde publikorik handiena. Garbi diote: “Hesiak desegin eta lurrak berdintzen dituen nekazaritza intentsiboak izugarri murrizten du bioaniztasuna, animalietan bezala landareetan. Mugen dentsitate handiagoa duten eremuetan, egiaztatu dugu artropodo polinizatzaileen eta izurriteen kontrolatzaile naturalen ugaritasuna %70 eta %44 hazi direla hurrenez hurren. Era berean, %50 baino gehiago laboreak dituzten paisaietan muga-hesien dentsitatea handitzearekin ekoizpena hazi dela ikusi dugu”. Lan horretan parte hartu duen Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionaleko Mario Díaz ikerlariaren arabera: “Sintesi horrek berresten du ekosistemetan aniztasuna sustatzeak biodibertsitatea hobetzeaz gain nekazaritza ekoizpena areagotzen duela, eta iraunkorragoa egiten du”.

Hemen nekazaritza sustatzea, ingurumena zaintzea eta gu denon bizitza kalitatea hobetzea nahi duela dioenak badaki zer egin behar duen: landare hesiak berpiztu eta bultzatu. Benetako bultzada, hau da, jarri diru publiko gehiago eta lurjabe gehiago landatzera!