Bizi-baratzea

Mikroplastikoak Pirinioetako gailurretan: kontinente arteko kutsadura ikusezina
2022-01-20  |  Urko Apaolaza Avila

Bigorrako Pic du Midi mendi ezagunaren gailurrean mikroplastiko arrastoak aurkitu dituzte airean, Frantziako Zientzia Ikerketetarako Guneak egindako ikerketa baten bidez. Azaldu dutenez, partikula horiek Afrikan, Ipar Amerikan eta Atlantikoko beste toki batzuetan dute jatorria.

Bigorrako Pic Du Midiko gailurretik ikuspegia, atzan Monte Perdido eta Viñamala direla (argazkia. Wkimedia Commons)

Pic Du Midi d'Ossau (2.884 m) mendiaren soslaia ezaguna da Pirinioetara joateko zaletasuna duen ororentzat, A-64 autobidetik eta beste hainbat tokitatik ikus daiteke, mendikatearen bihotzean eta gailurrez inguratuta, menderaezin. Dirudike eremu horietara ez dela iritsi gizakiaren eta zibilizazio modernoaren hatsik, eta arnas garbi horren bila abiatzen dira astebururo zientoka mendizale, euskaldun franko tartean.

Handik kilometro ez askotara beste Pic Du Midi bat altxatzen da, Bigorrakoa, garaiera antzekoa duena (2877 m). Bada, Frantziako Zientzia Ikerketetarako Guneak hor egindako ikerketa batek erakutsi du mikroplastikoak ere Pirinioetarako gailurretan dabiltzala hegan, ugatz eta saiak adina.

Grenobleko-Alpeetako unibertsitateko eta Eskoziako Strathclyde unibertsitateko ikerlariekin batera egindako azterketan, Bigorrako Pic Du Midiko Behategian aire-ponpa batekin astero 10.000 metro kubo aire hartu eta analizatu dituzte, eta metro kubo bakoitzeko mikroplastiko partikula bat aurkitu dute. Ikerketa guneak azaldu duenez bildutako ontzietan dauden polimero, poliestireno eta polietilenoak daude plastikoen artean. "Zientzialarien ustez mehatxu bat ez den arren, kutsadura iturrietatik hain urrun egotea harrigarria da", Pirinioetako aktualitateari jarraipena egiten dion Cima Norte webgunean azaldu dutenez.

Bigorrako mendiaren gailurrean dagoen behategian aire-ponpa edo xurgagailu bat jarri dute, ondoren partikulak analizatzeko (argazkia: Cima Norte)

Erabili dituzten aire korronteetako norabideen eredu matematikoek adierazten dute partikula horiek Afrikan, Ipar Amerikan eta Atlantikoan sortu zirela. "Horrek erakusten du aerosoletan daden mikroplastikoek globalki garraiatzeko duten gaitasuna", azaldu dute ikerlariek.

Ez da lehen aldia ikerketa batek Pirinioetan mikroplastikoen kutsadura egiaztatzen duela. 2019ko apirilean Okzitaniako Tolosako EcoLab ikerguneak argitaraturiko beste ikerketa baten arabera, Pirinioetako iparraldean, toki menditsuenetan metro koadroko 369 mikroplastiko partikula pilatzen da. Ordukoan azaldu zutenez, ez zegoen plastiko horren jatorria azaltzen duen isuririk 100 kilometroren esparruan. Orain, badakigu guk sortutako zaborrak hegaldi askoz luzeagoa egiten duela, muga natural guztiak gaindituz.


Zurea bidali