Bizi-baratzea

Mihiluaren jakintza galtzerdian
2021-05-13  |  Jakoba Errekondo

Laguna ez den lagun batek jarri du horietako sare batean sasoi honetako bere amonaren esaera bat: “Zainzuriak biltzera bazoaz mihilu arbatxo batzuk sartu galtzerdietan, orain akainak igotzen dira-eta”. Nik zuzenean galdetu diot ea nongotarra zen amona, eta erantzuna Malagako Axarkiakoa, Espainian.

Fenologiaren zientziak asko erakusten du. Landareen bizimodua noiz eta nola garatzen den esaten digu: begia noiz puzten den, lorea noiz irekitzen den, hostoak noiz zabaltzen diren eta abar. Axarkian, Zarrakaztelun eta gure etxean ez dira zainzuriak (Asparagus officinalis) batera etorriko, seguru, baina zainzuriak mugitzen direnean, batean bezelaxe besteetan, akainak ere mugituko dira. Hortxe kulturen arteko trukearen elkar janztea, elkar elikatzea.

Mihilua (Foeniculum vulgare) ere badugu geurean. Izen asko du: anis-belar, milu-belar, mirilu-belar, mellu, miro, mieloi, mihulu, pukullu, erbasanta... Baten batek berbena izena ere jasoa du, berez, ia erabat, Verbena officinalis sendabelarrarentzako erabiltzen dena. Anado ere esaten diote, baita ezamilua ere, baina izen horiek gehienbat, aneta (Anethum graveolens) izendatzeko erabiliak dira. Xarpota ere esaten diote, Lapurdi aldean, baina ezkaia (Thymus vulgaris) izendatzeko erabiltzen da batez ere.

Anisaren (Pimpinella anisum, zenbaitek anis-belarra honi esaten diote) familiakoa da, eta harekin lotzen dugun usain ederra du mihiluak. Osasunerako bere onura onena karminatiboa izatea da, hau da, digestio-aparatuan gasen sorrera murrizten laguntzen du, haizeak eta kolikoak gutxituz. Europako lehen unibertsitatetzat jotzen den Salernoko Medikuntza Eskolako (Schola Medica Salernitana) esaera klasiko batek hala dio: “Semen foeniculi pellit spiracula culi”( mihiluaren haziak ipurtzuloa irekitzea errazten du). Horretarako mihilu infusioa egin behar da; katilukada ur berotzen jarri eta irakiten hastean, aurrez motrailu edo zaparri batean xehatutako fruta koilaratxo bat eransten zaio. Katilu bana hartu bazkaldu eta afaldu ondoren. Libratzen laguntzen badu ere, beherako kirastun haizetsuak tratatzeko ere ona da.

Katilukadaren erremedio bera erabiltzen da bularreko esnearen emana ugaritzeko. Sona handia du, baita ere, begien zaintzan, hanturak baretzeko batez ere. Espainiarrek mundu guztira eraman zuten, eta, agi danean, oraindik ere Argentinako panpan amek mihilua ahoan ibili eta hatsa bere umeen begietara botatzen dute.

Sugeek ere mihilua maite dute, izan ere azala berritu behar dutenean bera ferekatuz egiten omen dute.

Hauek eta landareen sendatzeko erabilera ederrak azaltzen ditu Pio Font i Quer botanikari, farmazialari eta kimikari katalan handiak 1962ko Plantas medicinales. El Dioscorides renovado liburu erraldoian. Mihiluarenean sugeak aipatzen ditu, baina akainik eta galtzerdirik ez.