Bizi-baratzea

Metano gasen isuriak hamar urtean %30 gutxitzeko konpromisoa hartu dute EBk eta AEBek
2021-09-14  |  ARGIA

Europar Batasunak eta AEBek klima larrialdiaren aurrean adosturiko akordioa ostiralean aurkeztuko badute ere, puntu nagusia aurreratu du hainbat hedabidek: 2030erako metano gasen isuria heren bat murriztea da helburua.

CO2ak baino gehiago berotzen du atmosfera metano gasak, eta hamar urtera CO2 bihurtzen da. Karbono dioxido gehien isurtzen duten herrialdeak ostiralean bilduko dira Eskozian, eta emango dute akordioaren berri. Horren ostean, beste herrialde batzuek konpromisoarekin bat egitea aurreikusten da, hala nola Txina, Brasil eta Indiak.

Energia, nekazaritza eta hondakinen kudeaketa dira metano gehien isurtzen duten sektoreak.

Klima larrialdiaren aurreikuspenak gero eta ezkorragoak dira. IPCC Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak abuztuan kaleratutako txostenean azaldu zuen egoeraren larritasuna. Tenperatura 1,5 gradu igoz gero, atzeraeragin ezinezko kalteak egongo dira ingurugiroan: lehorteak, bero boladak eta euriteak. Egungo bidea jarraitzen bada, ordea, 2,7 gradu igoko dira tenperaturak mende amaierarako. Txostenaren ondorioak bildu genituen artikulu honetan.


Zurea bidali