Bizi-baratzea

Mercedes: langileen gehiengoa hitzarmenaren alde
2022-07-19  |  ARGIA

Mercedes-Benz enpresako langileen %57ak hitzarmenaren alde bozkatu duen arren, hitzarmen berriaren baldintzak jasango dituen taldean (tailerreko langileak) ezezkoak irabazi duela nabarmendu du ELAk.

Langileak protestan. Argazkia: @UGTMercedes Twitterren.

Astelehen honetan bozkatutakoaren emaitza astearte goizean jakinarazi dute. Parte-hartzea %94,69koa izan da. Horietatik %57ak hitzarmenaren alde bozkatu du eta %43ak aurka. Hitzarmenaren aurka bozkatu duen langile kopurua grebetan parte hartu dutenen ia erdia da (%95ak parte hartu du grebetan).

ELAk salatu du “hitzarmenaren neurriak gehien sufrituko dituen taldeak ezezkoa bozkatu” duela. Tailerreko langileen artean, 1.807k ezezkoa bozkatu du, baiezkoa bozkatu du 1.639k.

Bestalde, CCOOk jardunaldia “historikoa” izan dela adierazi du, eta langileena dela garaipena. Erabakia garrantzitsua izan dela ziurtatu du, eta beste organizazio sindikal batzuek kutsatu egin dutela testuingurua, izan ere, “hitzarmena, langileak eta fabrikaren etorkizuna iraindu dituzte”.

LAB eta ESK oraindik ez dira mintzatu gaiaren inguruan.

Bozka bi modutara egiteko aukera izan dute langileek: modu telematikoan edo hautetsontzian. Modu telematikoan bozka emateko aplikazio bat  zabaldu du enpresak (modu telematikoan bozka eman ahal izatea eskatu zuen langileen %10ak) eta 22 hautetsontzi jarri ditu fabrikan, lan-txanda guztietan irekiak egon direnak.

Artikulu honetan kontatu genuenez, ELA, LAB eta ESK-k "gardentasuna" eskatu zuten astelehen honetako erreferendumean eta salatu dute patronalak urratu egin duela enpresaren erreferendumetarako araudia. Zuzendaritzatik langileei presio egin dietela ere nabarmendu dute.