Bizi-baratzea

Mende erdi barru, beroa jasanezina izango da Lurreko biztanleen herenarentzat
2020-05-18  |  Urko Apaolaza Avila

Munduaren berotze globalak 3.500 milioi lagunentzat bizitzeko ezinezko egingo du planeta 2070ean, tenperatura altuengatik. Ikerketa baten arabera, egoera horrek milioika lagun bultzako ditu bizirauteko tenperatura baxuagoak dauden tokietara.

Bioaniztasuna suntsitzearen eta klima aldaketaren ondorioz, Lurraren tenperatura 2 edo 3 gradu igoko da datozen hamarkadetan egungo hipotesien arabera. Halaxe errepikatu digute. Baina gorakada hori globala da eta kontuan hartzen du askoz hotzagoak diren ozeanoen ur azala. Itsas eremu hori planetako %70 da, baina gainerakoa, lurrazala alegia, askoz gehiago berotuko da, 6 gradu edo gehiago.

Ondorioz, AEBetako PNAS web atarian argitaraturiko nazioarteko ikerketa baten arabera, baliteke mende erdi barru Lurreko biztanleen herena bizi den eremuetan beroa jasanezina izatea bizirauteko. Horrek 3.500 milioi laguni eragingo dio.

A l’encotre aldizkariak azaldu duenez, hainbat herrialdetako ikerlariek hartu dute parte azterketan, eta ondorioetako bat da munduan tenperatura gradu bat igotzen den bakoitzeko, mila milioi lagun euren lurraldeetatik kanpora bultzatuko dituela beroak.

Historikoki gizakia 11 eta 25 gradu arteko batez besteko beroa izan duten eremuetan bizi izan da, gutxienez azken 6.000 urtetan; “gailur klimatiko” moduko bat da. Hala, 29 gradu zentigradutik gorako batez bestekoekin bizitzea "ez da bideragarria”, diote ikerlariok. Gaur egun Saharako basamortu zabaletan daukagu halako tenperatura, baina hemendik 50 urte barru Lurraren %19an gauza bera gerta liteke eta milaka milioi lagunentzat ezinezkoa litzateke hor laboreak landatzea eta bizitzea.

Ikuspegia ez da askoz hobea berotze globala mantsotzeko neurriak hartuko bagenitu ere, 1.500 milioi lagunek jarraituko lukete tenperatura jasanezinaren langa hori gainditzen duten lurretan bizitzen.

“Aire egokitua erosteko dirua duenak geratuko da, baina gehiengoarentzat migrazioa izango da aukera bakarra –dio A l’encontre-ko artikuluaren egileak–. Mugetan harresiak eraikitzen dituzten herrialdeek, zientoka milioi lagun kondenatuko dituzte heriotzara”.