Bizi-baratzea

Oxfam: "Pandemian 30 orduro pertsona aberats batek gainditu du mila milioi euroko langa"
2022-05-23  |  Jon Torner Zabala

Pandemiak iraun duen bi urteotan, beste 573 mega-aberatsek milaka milioi euroko fortuna egin dute munduan. Alegia, 30 orduro, pertsona aberats batek gainditu du mila milioi euroko langa esanguratsua. Aldiz, urtea amaitzerako 263 milioi pertsona gehiago biziko da muturreko pobrezian, milioi bat gehiago 33 orduro. Oxfam Intermon erakundeak eman ditu datuok.

COVID-19aren kontrako txertoak merkaturatu dituzten konpainiak, diru gehien irabazi dutenen artean.

Erotzekoak dira kopuruak. Orotara, mundu osoko 2.668 super-aberatsek 12,7 bilioi dolar dituzte, pandemia aurretik baino 3,78 bilioi –3.780.000.000.000– gehiago. Munduko BPGren %13,9 da hori, 2000 urtean %4,4 zenean aberats horien esku zegoena. Zentzu horretan, aberatsetan aberatsenak diren 20 oligarken dirutza, Saharaz azpiko Afrikako herrialde guztien BPG baino handiagoa da.

Energia, elikadura eta farmazia

Oxfamen azken txostenak hiru sektore nabarmendu ditu: elikadurarena, energetikoa eta farmazeutikoa. Jaso duenez, elikadura eta energiaren sektoreetako aberatsen fortuna 453.000 milioi dolar handitu da bi urteotan, hau da, mila milioi bi egunero. Cargill konpainia agro-industriala, Wallmart saltokiak eta Moderna eta Pfizer farmazeutikak ageri dira zerrendaren goialdean. Bestetik, energiaren sektoreko BP, Shell, Exxon eta Chevron multinazionalek 2.600 dolar irabazi zuten iaz segunduro.

"Egunotan Davoseko Ekonomiaren Foroan bilduko diren munduko liderrek dilema bati egin behar diote aurre: eredu ekonomiko hau neurrigabe zukutzen duten elite eta mila milioidunen interesak lehenestea, ala herritar gehienen defentsan joango diren neurri ausartak hartzea", dio Oxfamek. "Suzko proba? Ikusteke dago gobernuek azkenean sen ona aplikatzen duten, eta adibidez erabakitzen duten mila-milioidunen aberastasunari zerga handiagoa jartzea".