Bizi-baratzea

Energiaren sektorea  >  Petrolioa

Maroko, Sahara eta petrolio berria
2022-04-22  |  IƱaut Gonzalez de Matauko Rada

Marokok 1.000 milioi upeleko petrolio zundaketa iragarri du, Pedro Sanchezek Espainiak historikoki Mendebaldeko Sahararekiko izan duen posizioa guztiz aldatu eta gutxira.

Espainiako eta Marokoko gobernuak bi estatuen arteko ur-muga negoziatzen ari diren une honetan, Marokok iragarri du 1.000 milioi petrolio upel inguruko zundaketa egingo duela Kanariar Uharteetatik 200 kilometro baino gutxiagora.

Europa Oil & Gas enpresa britainiarrak egin du aurkikuntza, eta adierazi du zundaketaren eta esplotazioaren eskubideen %75a izango duela; eskubideen gainontzeko %25a Marokoko Office National des Hydrocarbures et des Mines enpresa publikoak izango du. Adituen kalkuluen arabera, petrolio eta gasaren esplotazio proiektu honek 100.000 milioi euro inguruko negozioa suposatu dezake, Marokoren Barne Produktu Gordinaren tankerako negozioa.

Zundaketaren aurkako protestak

Duela zazpi urte baino gehiago, Repsolek Kanariar Uharteetako kostatik gertu petrolio-prospekzioak egingo zituela iragarri zuen, eta milaka biztanle kanariarrek prospekzio hauen aurka egin zuten protesta. Izan ere, prospekzio eta zundaketa hauetan istripurik balego, Afrikaren eta Kanariar Uharteen kostak larriki kaltetuko lirateke.

Une diplomatiko berezia

Ia 100.000 milioi euroko negozio hau Marokoren eta Espainiaren arteko une diplomatiko oso berezi batean ematen ari da; izan ere, martxoan Pedro Sanchez buru den gobernuak guztiz aldatu zuen Espainiako estatuak historikoki Mendebaldeko Saharari buruz izan duen posizioa. Azken hamarkadetan neutral mantendu da Espainiako Estatua, baina 2022ko martxoan Pedro Sánchezek Marokok 2007.urtean NBEan aurkeztutako Sahararen autonomiarako plana onartu zuen.

Mendebaldeko Saharari buruzko posizioa guztiz aldatu ostean, Madril eta Rabat ur-mugen konfigurazio berria ari dira negoziatzen, eta testuinguru berezi honetan etorri da zundaketa berrien albistea.