Bizi-baratzea

Mario Fernándezek Repsol utzi du, epaileek behartuta
2018-02-21  |  Urko Apaolaza Avila

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kutxabanken presidente ohiaren kontrako epaia, diruaz bidegabe jabetzeagatik eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio. Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiaren eta Rafael Alcorta abokatuaren kontrako urtebeteko eta sei hilabeteko kartzela zigorrak ere berretsi ditu auzitegiak.

2012 eta 2014 urteen artean Fernandezek 243.592 euro ordaindu zizkion Cabiecesi euskal bankuaren kontura, Alcortaren bulegoaren bidez. Eskandalua Fernándezek Kutxabankeko presidentetza utzi eta gutxira aireratu zen eta 2017ko martxoan Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hiru lagunak epaitu zituen, herri akusazioak eta fiskaltzak eskatutakoa baino zigor leunagoak ezarriz.

Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztu zuten auzipetuek, honek ordea ez ditu aintzat hartu. Bai ordea Fiskaltzak aurkeztutakoa, alegia, Fernández desgaitzea merkataritza sozietateak kudeatu edo merkatal lanetan aritzeko kartzela zigorrak iraun bitartean.

Gorenaren erresoluzioa otsailaren 15ean dago sinatua baina asteartean jakin zen. Publiko egin eta berehala bankariak oharra kaleratu du, sententziarekin “erabateko desadostasuna” adieraziz baina Repsoleko kontseilari kargua utzi duela esanez.

Fernádezen irudia Repsoleko administrazio kontseiluko perfilean. Kargua gutxienez duela hilabete utzi zuela ageri da CNMVren webgunean.

Petrolio konpainiak onartu egin du dimisioa eta Fernándezen “kategoria profesional eta pertsonala” goraipatu du. Nolanahi ere, erabakia duela hilabete hartuta zuela dirudi, Repsolek 2018ko urtarrilaren 15ean Merkataritza Erregistroan aurkezturiko administrazio kontseiluko kideen artean jadanik ez baitago bere izenik.

Urteko soldata Repsolen: 309.000 euro

Fernández 2011ko apiriletik da Repsoleko kontseilari eta beste hainbat kargu ere izan ditu bokal bezala, izendapen horiengatik 309.000 euro kobratu zituen 2016an –2017ko datuak oraindik ez dira ezagunak–. Konpainiaren webgunean ageri denez, 5.731 akzio dauzka, kapital osoaren %0,00.

Repsoleko administrazio kontseiluan hamasei lagunetik hamalau gizonak dira. Tartean da Josu Jon Imaz EAJko buru izandakoa eta Fernándezen gertukoa; 2016an ia hiru milioi euro irabazi zituen politikari jeltzale ohiak kontseilari delegatu kargua edukitzeagatik.