Bizi-baratzea

Laborantza  >  Lurraren espekulazioa

Manifestazio jendetsua Kanbon, Marienako urbanizazio proiektuaren aurka
2022-04-25  |  ARGIA

40 bat traktorek bat egin dute manifestariekin, nekazaritza aukeren kalterako lurrak saldu dituztela salatzeko. 94 etxebizitza sortzeko urbanizazio proiektua hautsak harrotzen ari da Lapurdiko herri honetan.

Manifestazioa abiatzear. (Argazkia: Euskal Irratiak)

Milatik gora manifestarik hartu dituzte Kanboko kaleak larunbatean, 40 bat traktorek bidea zabaldurik. Marienia Ez Hunki kolektiboak deituta, etxebizitza proiektu horren aurkako haserreak babes zabala duela erakutsi dute. Ia lau hektarea hartzen dituen lurraldean 94 etxebizitza sortzeko asmoa dute. Proiektuaren arabera, horietatik 49 alokairuan jarri nahi dituzte, eta 45 salmentan.

Mediabaskek egin kronikan jaso ditu Laurent Platerok antolatzaileen hitzak, baita Guillaume Fauveauren argazkiak ere. "Gizarte zibilari eta hautetsiei erakutsi nahi diegu lur hauek babestu nahi ditugula eta borrokarako prest gaudela ", adierazi zuen Jean-Paul Alaman hirigile eta oposizioko udal-arkitektoak.

Sarean proiektuaren aurkako sinadura bilketa abian dute eta besteren artean, ondorengoa diote: "Gaurko egunean laborari batek ustiatzen dituen lur hauek, laborantxarako balore handikoak dira : leunak, eguzkitsuak, lantzeko errexak, pattarretan diren eta istripu-arriskua handia duten lurrak baino hiru aldiz emankorragoak dira. Lur hauek erabil ditzakegu tokiko eta kalitatezko produktuak ekoizteko, ingurumena babestuz eta laborariei sari duina bermatuz. Proiektu hau, beste garai batekoa da. Azken 15 urte hauetan, herriko etxeko gehiengoak egin ahalak egiten ditu lur horren jabeen probetxuko, salmenta horren ondorioz 3 milioi sakelaratuko baitituzte".

Euskal Irratien mikrofonoetan gatazka honi buruzko informazio xehea eman zuten ostiralean Argitxu Hiriart-Urruti eta Amaia Beyrie Kanboko hautetsiek. “Mobilizazioa da gelditzen zaigun aukera bakarra”, nabarmendu zuten.

Eremuak gaur egun duen itxura.