Bizi-baratzea

Makroproiektu eolikoen moratoria eskatzeko bederatzi mendi martxa antolatu ditu Haize Berriak
2021-05-03  |  ARGIA

Mendi martxak Sacyr konpainiak sustatutako bost parke eolikoen eraginpean dauden bederatzi ibarretan barna izanen dira eta ibar guztiak zeharkatuko dituen ultra korrika batek emanen die amaiera.

Anotz herrian herritarrak basoak bizirik eta buruzajetza energetikoa eskatuz. (Arg.: Haize Berriak)

Eraiki nahi diren bost poligono eolikoek Odieta, Xulapain, Ezkabarte, Olaibar, Anue, Eguesibar, Erroibar, Lizoain-Arriasgoiti eta Esteribar ibarrei eragingo lieke, eta astez asteko ibilaldi guztiak lotuko ditu.

Ekimena datorren igandean hasiko da, maiatzaren 9an, eta Anotz herritik abiatuko da 10:00etan. Bertatik Aldaun eta Mendurro gainak igoko dira, lehenengo parkeko haize-sorgailu guztien erdien kokaleku. Bukatutakoan lekukoa bigarren parke eoliko eta goi-tentsioko linearen eraginpean leudekeen bizilagunei pasako zaie, eta horrela igandez igande, maiatzaren 9tik ekainaren 26ra arte.

160 km zeharkatuko dituen ultra korrika batek emango die amaiera mendi martxei, asteburu bakar batean ibar guztiak zeharkatuz.

Ekimen honen bidez Haize Berriak elkarteak Sacyrrek aurkeztutako proiektuen eraginpean dauden ibarrak ezagutarazi eta balorean jarri nahi ditu. Nafarroako makroproiektu eoliko eta fotoboltaikoen moratoria aldarrikatu du, eta trantsizio energetiko eta energia berriztagarrien inguruko eztabaida sozialerako dei ere egin dio gizarteari.

Mendi martxa guztiak Wikiloc sare sozialean aurkitu daitezke eta martxei buruzko informazio guztia ibilaldiei buruzko informazioa emateko sortu den webgunean: www.mendimartxaknafarroa.org

 

 

 

 

 

 

 


Zurea bidali