Bizi-baratzea

Elikadura industria

Gaubeako tomate makronegutegiak ez duela agindutakoa beteko salatu dute
2022-06-23  |  Maddi Viana Zubimendi

Diru publikotik 1,1 milioi euro jaso dituen proiektuak hainbat aldaketa garrantzitsu izan dituela eta, jasotako diru-laguntzak itzuli beharko lituzkeela ziurtatu du Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak.

Gaubeako (Araba) proiektuaren helburua tomatea urte osoan ekoiztea da, eta urtean hilabete askotan gas-erregailu batzuen bidez berotuko lirateke instalazioak. Hainbat urtez proiektua aurrera eramaten saiatu ondoren, 2021ean hasi ziren lehen faseko obrak eta 2022ko ekainean tomatea landatzen hasteko asmoa zegoen. Ekainaren 15ean ordea, Radio Vitoriak proiektuaren hainbat aldaketa garrantzitsuren berri eman zuen. Horren harira Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak prentsa-agiria argitaratu du.

Hainbat dira iragarritako aldaketak. Lehenik, 6 eta 12 hilabete artean atzeratzea negutegiaren irekiera, edo ez irekitzea argiaren, gasaren eta uraren prezio altuagatik. Bigarrenik, tomatea biltegiratzeko eta paketatzeko lanak Irunera eramatea. Azkenik, soldaten eta lan baldintzen okerragotzea.

Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimenduak salatu du proiektuak eskualdeko biztanleen artean desengainu eta ezinegon handia sortu duela, enpresariak eta erakundeek agindutako lan duina lortzeko aukera desagertzen ari dela ikusita. Gaineratu du makronegutegia ez dela inoiz proiektu ona izan udalerriko langabeziari aurre egiteko: alde batetik, gazteentzako lanpostuak eskaintzen zituelako “kontuan hartu gabe Gaubean langabeen % 56k 45 urte baino gehiago dituela”; bestetik, enpresak eskatzen zuen ikastaroa egiteak ez zuelako ziurtatzen ikasturtea amaitzean kontratatua izatea.

Proiektuak 150 enplegu sortuko zituela esan zuten bere sustatzaileek. Mugimenduaren arabera, hori lortu ezean edo orduko 14 euroko soldata ordaindu ezean, erakundeek enpresari eskatu beharko dizkiote emandako diru-laguntzak bueltatzea. Adierazi du erakundeek “energetikoki jasangarriagoak diren nekazaritza eta abeltzaintza ereduetarako” gorde beharko luketela diru hori, eta gaineratu du Gaubean eta bere eskualdean enplegua sortzea landa-garapeneko beste eredu batean oinarritu beharko litzatekeela.


Zurea bidali