Bizi-baratzea

Abeltzaintza

Makro-ustiategien proiektuak gelditu ditzala eskatu diote Nafarroako Gobernuari
2022-09-27  |  ARGIA

Makro-ustiategien kalteak nabarmenduz, ustiategi berriak abiatzeko eta dauden ustiategiak handitzeko Nafarroako proiektuei alegazioak aurkeztu dizkie Sustrai Erakuntza fundazioak, moratoria bidez proiektuak gelditzeko helburuz.

Caparrosoko makro-ustiategia. Argazkia: El Salto

Oro har, elikadurarako abereen industria-ustiapenera bideratutako makro-ustiategi proiektuez ari da fundazioa: txerrien edo hegazti-espezieen gizendegiak (oiloak nagusiki), edo horiek beren gorozkiekin sortzen duten hondakin-kopuru handia kudeatzen duten enpresak. Tartean da Caparroso Valle de Odietako esnetarako behien makro-ustiategi intentsiboa eta behitegiko hondakinak eta beste hondakin organiko batzuk biometanizatzeko instalazio elkartua.

Ekologistak Martxanek azaldu duenez, aurkeztutako alegazioek proiektu bakoitzaren alderdi negatiboak azaleratzen dituzte, baina naturan eta gizarte-ingurunean eragiten dituzten hainbat kalte komunak dira makro-ustiategi guztietan.

Bestelako eredu baten alde

Kutsadura, landa-eremuko bizitza okertzea, herrien hustea, abeltzaintza jabetza txikiak galtzea, lurzoru emankorrak galtzea, lurzoruak suntsitzea sojaren monolaborantzarekin, klima aldaketan eragitea… dira Sustrai Fundazioak alegazioetan aipatzen dituen kalteetako batzuk: “Eredu intentsibo eta industrial jasangaitzaren aurrean, abeltzaintza eredu estentsiboa defendatzen urteak daramatzagu Nafarroan, kalitatezko produktuak bermatu eta lurzoruak eta basoak zaintzen dituen eredu baten alde, landa-eremuak biziberrituko dituena”. Horregatik, beste hainbat erkidegotan egin duten moduan, moratoria urjentea ezarri dezala eta horren bidez makro-ustiategien proiektu berriak gelditu ditzala eskatu diote Nafarroako Gobernuari.