Bizi-baratzea

Madril, Txekia eta Lituaniako hiru erraustegitan dioxina kopuru handiak aurkitu dituzte
2023-01-23  |  Zero Zabor

Zero Waste Europe koalizioak egunotan plazaratu duenez, dioxina kopuru handiak aurkitu dituzte Europako hiru erraustegiren inguruetan egindako ikerlanetan. Madrilgo (Espainia) Valdemingomez, Kaunasko (Lituania) Kauno eta Pilseneko (Txekia) Chotikov erraustegien inguruko oiloen arrautza, pinu orri eta goroldioen analisiak erakusten du inguru horretan POP Kutsagarri Organiko Iraunkorren kutsatzea nabarmena dela. Kutsatze mailarik gogorrena Madrilgo Valdemingomezek erakutsi du.

Valdemingomezko errauste planta Madrilen. Argazkia: El Boletin.

Ikerlana ToxicoWatch fundazioak burutu du, herri ekimenez Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kutsagarrien jarraipena egiten duen erakundeak berak. Gipuzkoako ikerlanerako laginak biltzen Zubieta Lantzen elkartea eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideak aritu diren bezala, Valdemingomezeko erraustegiaren inguruko lagin bilketan aritu dira Ecologistas en Acción [Ekologistak Martxan, Hego Euskal Herrian], FRAVM Madrilgo Auzo Elkarteen Federazioa eta GRAMA Grupo de Acción para el Medio Ambiente elkartea, Hordago-El Salto egunkariak zabaldu duenez.

Bi urteko azterketa horretan ToxicoWatchek bildu, analizatu eta alderatu ditu erraustegien inguruetako oiloen arrautzak, pinu orriak eta goroldioak pozoi arrastoen bila. Zero Waste Europek plazaratu ditu emaitzak dossier osoan baita ohar batean laburtuta ere.

“Hiru erraustegien inguruko oilategietako oiloen arrautza gehienek gainditzen dituzte Europar Batasunak bio-azterketa eta analisi kimikorako 2017/644 Arauan ezarritako muga legalak”, adierazi du Zero Waste Europe. Hiru erraustegien inguruko pinu orri eta goroldioetan ere handiak dira dioxina kozentrazioak. Dioxinez gain ToxicoWatchek aztertu ditu hiru gaiok –arrautza, hosto eta goroldioak– daramatzaten bai PFAS-ak (Konposatu Per- eta Polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl substances’, gizakien osasunarentzako dioxinak baino are arriskutsuagoak direnak) eta bai HAP Hidrokarburo Aromatiko poliziklikoak, eta bi atal horietan ere mailak alarma piztekoak dira.

Kauno erraustegia Lituaniako Kaunas hiriburuan.

Aztertutako hiru erraustegietan kutsatuena Madrilgo Valdemingomezekoa da, Europako errauste plantarik zaharrenetakoa. Erraustegiko tximiniatik 500 metrora dago Cañada Real auzoa (famatua bere txirotasun eta agintarien hartaz daukaten utzikeriagatik), Vallecaseko Ensanche auzoko etxeak bi kilometrora daude eta Rivas Vaciamadridekoak lau kilometrora. Valdemingomezko erraustegia, agintariek hitz hori ezkutatu nahian el “Parque Tecnológico de Valdemingómez” izenez makilatu dutena, bihurtu da hondakinen errausketak eragiten dituen kalteen erakusgarri.

Ikerlanak egiten du, kutsaduren analisiekin batera, ohar garrantzitsu hau: aipatu toxikoak gizakientzako eta ingurumenarentzako oso arriskutsuak izateaz gain, arazoa da horiek neurtzeko Europar Batasunak exigitzen dituen analisi kimikoak oso mugatuak direla eta, ondorioz, erraustegiek isuritako milaka substantzia pozoitsuren toxikotasun totala ez direla neurtzen. Gainera, ohartarazi dute erraustegiek isuritako POP Kutsagarri Organiko Iraunkorrez dauden datu ofizialak kalkuluetan eta bataz bestekoetan daudela oinarrituta, eta horregatik benetako isurketen irudi oso faltsutua eskaintzen dutela.

Janek Vähk Zero Waste Europeko Klima, Energia eta Airearen Kutsadura alorren arduradunak esan du: “Hondakinen erreketak isurtzen ditu ingurumenean iraungo duten, ekosistemetan metatzen diren eta gizakien osasunean eta bizimoduan eragin kaltegarri nabarmenak dauzkaten substantzia toxikoak. Milaka jende bizi dira horrelako erreketa instalazioen inguruan Europa osoan. Gaur arte ez zaie segurtasunik eskaini instalazio horien osasun arriskuez eta segurtasunaz, eta ez daukate kalteordain eskubiderik instalazio horiek legea urratzen dutenean sufritzen dituzten kalteen aurrean”.

"Benetako Bidesari Pozoitsua" deitzen da Kaunas, Madril eta Pilseneko erraustegien kutsadura aztertzen dituen txostena eta Internetez eskura daiteke.

The True Toxic Toll (Benetako Bidesari Pozoitsua) azterlana ToxicoWatch fundazioak burutu du, Zubietako errausketaren azterketa egiten duenak berak. Joan den abenduan GHK Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak ohar bat kaleratu zuen ikerlariok Zubietako erraustegiaren inguruko arrautza, pinu orri eta goroldioen laginetan oinarrituta egindako azterketaren kalitatea auzitan jarriz: “ToxicoWatch-ek zehaztasun tekniko eta zientifikorik gabeko txostenak egiten ditu, errealitatea gezurrekin desitxuratuz, herritarrak izutzeko” esan zuen GHK-k. EAEko ezein hedabide handik ez EITBk ez diete gaur arte oihartzunik txikiena egin ToxicoWatchel Zubieta inguruetan egindako ikerlanei. Espainian, aldiz, El Pais egunkariak berak bere orrietara eman du azterketaren berri: "Una investigación europea alerta de “alarmantes” niveles de toxinas en el entorno de Valdemingómez".

Chotikov erraustegia Pilsenen, Txekiar errepublikan.