Bizi-baratzea

Macronen potreta Bardozeko herriko etxetik kendu du Bizik, klima larrialdiarekin duen jarrera salatzeko
2019-07-11  |  ARGIA

Jadanik hamargarren argazki ofiziala da mugimendu ekologistako kideek kendu dutena Ipar Euskal Herrian –Uztaritzen eta Miarritzen gauza bera egin zuten lehenik–. Bardozeko ekintzarekin salatu nahi izan dute COP21ko helburuetatik "deslotu" dela Frantziako Estatua.

G7aren atarian, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen irudia herriko etxeetatik eta toki ofizialetatik erretiratzeko kanpainak aurrera darrai eta jadanik ehundik gora dira Frantzian barrena kendutako potretak –Ipar Euskal Herrian hamar–. Azkeneko ekintza Bardozen egin du Bizi! mugimenduak eta Twitterrez zabaldu du momentua, "COP21en helburuetatik deslotzen ari da, guk bere potreta deslotzen dugu!" esanaz:

Miarritzeko G7 gailurrerako 125 irudi erretiratzeko helburua du mugimenduak, hain justu egun kopuru hori behar izan du Frantziako Estatuak COP21ek ezarritako bere urteko aztarna ekologikoaren mua gainditzeko. Hala, salatu nahi dute Macronen gobernuak ez dituela beharrezko neurriak hartzen klima larrialdiaren aurrean.

Argazkiak erretiratzeko ekintzak hasi zirenetik hainbat lagun atxilotu eta beste zenbait deklaratzera deitu ditu poliziak, "lapurreta kolektiboa" leporatuta.