Bizi-baratzea

Laborantza

Lurzaindiak diru-bilketa berri bat abiatu du, hamabost hektarea lur bi laborari gazteri bideratzeko
2021-04-29  |  Jenofa Berhokoirigoin

Kriaxera tokiko ahate arrazaren hazkuntzan dabiltzan Sabrina Larzabal eta Julen Perezen proiektua laguntzeko 75.000 euro bildu behar ditu Lurzaindiak. Horrez gain, bestelako laborantza instalazioak ere sostengatzen dabiltza eta herritarren diru ekarpena ezinbestekoa dute aitzina segitzeko gisan.

Artxiboetako irudi bat, Lurzaindiaren prentsaurreko batena

Laborantzarako lurrak espekulaziotik babesteko eta laborariak instalatzen laguntzeko sortu zen Lurzaindia 2013an, eta orduz geroztik horretan dabil egitura. Laborantza proiektu berri bat bideratzeko diru-bilketa kanpaina abiaturik du egiturak: kriaxera tokiko ahate arrazaren hazkuntzan dabiltzan Sabrina Larzabal eta Julen Perezen proiektua. Bi gazte hauek Lohitzunen dira eta lanbidean aitzina segitu ahal izateko, Lurzaindiak hamabost hektarea lur erosi ditu, 75.000 eurotan.

Beste hiru instalazio ere bidean

Larzabal eta Perezenaz gain, beste hiru proiektu ere lagundu ditzazkegu diruz, Lurzaindia sostengatuz: Ahurtin baratzegintzan instalaturiko Laura Danielena, Donaixtin instalaturiko Bastien Cecchetto eta Perrinne Decarsin gazteena, buru beltz arrazako ardiekin gasna eta esnekiak egiten dabiltzanak; eta azkenik, Donibane Lohizunen den Martin Lemaire garagardo egilea eta mahastizainarena.

2013an sortu zuten Lurzaindia lehen sektorearen aldeko borrokan dabiltzan lau egiturek: ELB sindikatuak, Arrapitz federazioak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubia den Amap elkarteak. Lurzaindia bera sortu baino lehenago, bazegoen GFA Lurra izeneko egitura ari zen helburu hauen alde lanean eta lekukoa hartu zion Lurzaindiak orain duela zortzi urte. Lurzaindiari esker, orotara 26 etxalde eta 466 hektarea dira espekulaziotik babesturik, 33 laborari dabiltza lurra lantzen eta hori guztia diruz sostengua bideratu duten 3.558 herritarrei esker.


Zurea bidali