Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Lurra eta kultura uztartu zituen egun oso berezi bat Duzunaritzen
2019-11-26  |  Estitxu Eizagirre

Azaroaren 23an Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 80 lagun inguru elkartu ziren Duzunaritzen, "100 urteko paisaian 111 pauso" izeneko egun-pasa berezirako prest. EHKOlektiboa, Biharko Lurraren Elkartea eta ARGIAk antolatu zuten elkarlanean eta paisaia, Idiartia etxaldeko lana, elikadura eta kultura uztartu zituen egunak.

Euria goian behean, baina umorea lagun elkartu zen jendea Idiartia etxaldeko ganbaran. Elkar agurtu ostean aterkipean abiatu ziren Duzunaritze herrirantz, bidean Jakoba Errekondok paisaiari buruz emandako azalpenak entzuteko geldialditxoak eginez.

Argazkia: Dani Blanco.

Hainbat gaiek sortu zuten jakin-mina: lizarrak eta haritzak grabitate indarrari aurka egiteko duten modu ezberdinek; euskaldunek antzinan gurtzen zituzten zuhaitzak eta erromatarren kolonizazioak gurtzera eraman dituenak; "euskaldunak gosetik salbatu zituen jakia, hurra"; euskaldunentzat urdina ez den berderik ba ote den...

Duzunaritzeko plazan dagoen estalpean pozik hartu zuten aterpe ibiltariek. Errekondok bertan eman zituen azalpen gehienak: "Hau errebote plaza da". Argazkia: Dani Blanco.
Landareen bidez hitz egin zuen Errekondok elikaduraz, mistikaz, heriotzaz, koloreez, hizkuntzaz, eta beste hainbat gaiez. Argazkia: Dani Blanco.
Duzunaritzeko plazatik behera, atzean eliza eta hilerria direla. Hildakoak gurtzeko zein zuhaitz erabili izan dire azaldu zuen Errekondok. Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

 

Salda beroa, giro goxoa

Hotz eta umel ziren gorputzentzat osagarri ederra izan zen Idiartia etxaldeko ganbaran EHKOlektiboak eta Biharko Lurraren Elkarteak zerbitzatu zuten salda beroa. Goizeko ibilbidean entzundako gaiez elkarri zirika aritu ziren kideak, eta indarrak berreskuratuta Jon Harloucheten atzetik abiatu ziren etxaldea ezagutzera.

EHKOlektiboko eta Biharko Lurraren Elkarteko kideak salda beroaz hartu zituzten ibilalditik zetozenak. Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lastozko anfiteatroa, sabaiko garabi hegalaria, arto gorriak eta errota...

Harridura atseginez begiratzen zion jendeak elkarri, bere burua lehen aldiz lasto-fardoz osaturiko anfiteatroan eserita aurkitu zuenean. Harlouchet aita-semeek hitzaldi ederra eskaini zuten etxaldearen historia kontatuz, biloba gazteek tarteka "hori egia da!" batekin berresten zutela. Aitak ekin zion 1975ean esnea ekologikoan ekoizteari eta hori biziki eskertu zion semeak "sarri hori baita arazoa, egun etxaldeen martxa daraman jendeak ekologikora urratsa egin nahi baina aurrekoek ez dutela baimentzen".

Lastozko anfiteatroan, Jon Harloucheten azalpenak entzuten. Argazkia: Dani Blanco.
Jon Harlouchet azalpenak ematen. Aita atzean eta bi semeak "hori egia da!" baieztatuz inguruan dituela. Argazkia: Dani Blanco.
Anfiteatroko palkoan. Argazkia: Dani Blanco.

Jon Harlouchetek azaldu zuen zein hobekuntza egin zituen etxaldean, plastikorik gabe belarra ondu eta gordetzeko: behetik haizea sartu eta goitik ateratzen den belar-zuloa. Sabaian erantsitako garabiaz eramaten du belar hezea zulora, eta hemendik sokaz loturiko fardoak egitera biltegira. Behiei ere garabiaren besoaz zabaltzen die jatena. Baina urtean hilabete gehienak belazeetan bazkatuz mantentzen ditu 40 buruak.

Harlouchet sabaian finkatutako garabiaz belar hezearen bila, haizez lehortzeko zulora eramateko. Argazkia: Dani Blanco.

Azaldu zuen esnekiak egiten hasi zirela, lehengaia (esnea) ekoizteak kostu handia baitakar eta hauen elaborazioak proportzioan askoz txikiagoa, eta prezioan berriz, marjina handiagoa baita transformatutako gaietan. Esne osoa zuzenean saltzen dutela azaldu zuen, eta bere amak ia 80 urterekin jarraitzen duela etxez-etxe banatzen.

Argazkia: Dani Blanco.
Harlouchet: "Hara, hau da arto barietate bat. Bakoitza ezberdina den multzo bat. Buruan sartu digute barietate batean denak direla berdinak eta inondik ere ez da horrela. Asko kostatzen zaigu hori ulertzea". Argazkia: Dani Blanco.

Arto Gorriak elkartearen sorrera hazi ekoizleen industriari aurre egiteko modua izan zela azaldu zuen: "Arto ekologikoa ereiteari ekin nion, baina min ematen zidan transgenikoak ekoizten dituzten etxe handi horiei beraiei erosi beharra hazi ekologikoa. Munduan bost-sei etxe baino ez dira hazi guztiak saltzen dituztenak, eta hauek dute guztia saltzen: hazi transgeniko gaixoak, hauek tratatzeko pestizida eta herbizidak, eta gaixotzean botikara bazoaz baita sendagaiak ere". Horrela, deialdia egin eta hainbat nekazariren artean aritu dira azken urteetan bertako arto haziak berreskuratzen eta trukatzen. Esaterako, Luzaideko barietate bat ereiten jarraitu ahal izan dute, galdu baino lehen: izan ere, arto hau ereiten zuen nekazari helduak egiteari utzi zion Harloucheti haziak eman eta hurrengo urtean. Horrela esan zuen Idiartiako nekazariak: "9.000 urte daramatza gizakiak haziak jasotzen, eta azken 70 urtean ia erabat moztu dugu mendeetako jakintza hori guztia. Arto barietate bat salbatu dela jakiteak harrotasunez betetzen du gure  eguneroko lana".

Jarraian, artoa ehotzeko errota erakutsi zuen, eta bertatik polenta eta arto hirina ateratzen dutela azaldu.

Errota honek artaletik polenta xehetzen du batetik, eta arto hirina ehotzen bestetik. Irudian, hatzaz azalpenak ematen Harlouchet aita. Argazkia: Dani Blanco.
Bazkarian jai giroa

Biharko Lurraren Elkarteak bazkari ederra zuen prest eta EHKOlektiboko lagunekin batera atera zuten mahaira. Lehenxeago nola lortzen den ikusitako polenta ere platerean dastatu ahal izan zuten bazkaltiarrek.

EHKOlektiboko eta Biharko Lurraren Elkarteko kideak polenta ateratzen, haragia laguntzeko. Argazkia: Dani Blanco.
Etxaldeko ganbara jantoki eder izan zen, eta bertako produktu ekologikoz eginiko janaria primerakoa. Argazkia: Dani Blanco.

Bazkalostea betea izan zen. Sustrai Colinak ARGIAren Mendeurrenaz jarritako bertso-papera banatu eta kantatu zuten, ehungarren urtea Iruñean hilabete batzuk lehenago hasi bezala Duzunaritzen amaitzeko.

Argazkia: Dani Blanco.
Bazkalostean aurkeztu zen 111 hostoz eta orriz jantzi liburua

Jarraian, Sustrai Colinak umore handiz prestatutako hitzartzea egin zuen, ARGIAk kaleratu berri duen 111 hostoz eta orriz jantzi liburua aurkeztuz, nolabait bera "bere liburuaz hitz egitera" joana zela adieraziz. Aurkezpen serioa Jakoba Errekondok egin zuen, eta azaldu zuen nola liburu horretan hainbat alorretako Euskal Herriko 22 pertsona esanguratsuk egin duten Errekondok ARGIA astekarian kaleratutako 1.111 artikuluetatik 111 hautatzeko galbahe lana.

Jakoba Errekondo bazkalostean liburua aurkezten. Argazkia: Dani Blanco.

Segida liburuko 22 hautatzaileetakoak diren Pantxika Maitia, Itxaro Borda eta Sustrai Colinak eman zuten, haien arteko elkarrizketan aipatuz liburuak biltzen dituen Errekondoren artikuluen bertuteak. Esaterako, Bordak aipatu zuen Pantxika Maitia eta biak direla baserrian jaioak baina hirira joanak, eta zenbat milaka euskaldunek ez duten bide bera egin haiekin batera, eta beraz, liburu horrek osatzen duela hiritartutako jende horrek barruan sentitzen duten lurrarekiko lotura, hutsunea. Maitiak azaldu zuen 50 artikulu irakurri eta bost hautatu beharra zaila egin zaiola, lehen irakurraldian 20 hautatu zituela, baina horietatik bostera iristea kostatu zitzaiola "50 artikulu horien ostean gehiago irakurtzen jarraitzeko gogoz geratzeraino".

Pantxika Maitia eta Itxaro Borda. Argazkia: Dani Blanco.

Colinak irriz jarri zituen entzuleak "ez nator nekazari mundutik, kalekoa naiz, ni ez nengoen predestinatua Errekondoren artikuluen zalea izateko, baina ARGIAn artikulu bat irakurri nion, hurrengo astean bestea, hurrengoan bestea, eta aitortu egin beharra daukat, bada bai, gustatu egiten zait". Maitiak galdegin zion hizkuntzari buruz, eta Colinak erantzun zuen bera hizkuntzaren adiktu edo "gaixo" bat dela, eta Errekondoren idazkera zehatza preziatzen duela, testua irakurtzean nabaritzen dela hitz bakoitza hautatu egin duela egileak, hitz bakoitzak duen esanahi bakan, konnotazio eta abar kontuan hartuta.

"Buztinezko etorkizuna" emanaldia eta agurra

Arratsaldean Itxaro Bordak bere testua irakurri zuen, eta Ibon RG-k soinu bereziak uneak inprobisatuz lagundu zion. Emanaldiak klima aldaketak ekarritako munduaren apokalipsia bizitzera eraman zituen ikusentzuleak. Giroa ilundu eta tentsioa handitu zuen atea itxirik ganbara propio ilunpean jarri izanak.  Etengabeko euri azidoaren hotsean, pertsonak buztina soilik jaterainoko egoeraren gorria irudikatzera eraman zuten publikoa Bordak eta RGk. Ikuslearentzat irudimena lantzeko eta galderak pausatzeko planteamendu oso egokia zuen emanaldiak: zer ekarriko du klima larrialdiak? apokalipsiaren aurrean zer? gizakioi zer jarrera edo erreakzio ateratzen zaizkigu?

"Buztinezko etorkizuna" testua irakurtzen ari da Itxaro Borda eta hotsen bidez janzten Ibon RG. Ertzean, ganbarako atea itxita. Argazkia: Dani Blanco.

Itolarri egoera handienean, Colinari eman zioten mikroa bertsotan egin zezan, eta honek itxaropenari kantatu zion. Ikusleek biziki eskertu zutena.

Colina apokalipsiaren une gorrienean kantari. Argazkia: Dani Blanco.
Hurrengo hitzorduak

Emanaldia bukatu zenean argiak piztu eta ireki zen ganbarako atea. Kanpoan oraindik egun argi zen. Elkar agurtu eta etxerako bidea hartu zuten egun oso berezia, bakana, errepikatuko ez dena, bizi izanaren sentsazioarekin. Zein egunetan dago aukera goizetik arratsera hainbeste gauza eta hain ezberdin bizitzeko, etxalde bateko egurrezko ganbara handi batean Euskal Herriko txoko anitzetatik etorritako 80 lagunekin bazkaltzeko?

Gaurko eta biharko laborariak landareei buruzko irakurgaiak eskutan. Argazkia: Dani Blanco.

ARGIAren Mendeurren ekitaldien hurrengo hitzordua Durangoko Azokan izango da, Gogoetaren Plazako mahai-inguruetan. Horrekin bukatuko du komunikazio proiektu independenteak urte honetako ekintzen katea.

Baina EHKOlektiboak jarraituko du Baserriko Uzta antolatzen, beraz, izango da etxalderik ganbara zabalduko diona bazkari eder baten bueltan kultur ekitaldia gozatu nahi duten herritarrei.