Bizi-baratzea

Lufthansak 18.000 hegaldi huts edo ia huts egin ditu neguan aireportuetako ordutegi eskubideak ez galtzeko
2022-01-10  |  Lander Arbelaitz Mitxelena

Pandemia lehertu zenetik hegaldi fantasmen kontua milaka aldiz errepikatzen ari da. Azken datuak Luftahnsa konpainiarenak dira. Nazioarteko aireportuetako ordutegi eskubideak ez galtzeko, 18.000 hegaldi huts –edo oso bidaiari gutxirekin– egin ditu, eta bere jabetzakoa den Brussels Airlines konpainiak, adibidez, bertan behera uzteko moduko beste 3.000 egin dituela jakin berri da.

Milaka eta milaka hegaldi huts egiten ari dira pandemia hasi zenetik aire konpainiak, beren negozio interesak lehenetsiz.

Le Soir eta RTBF hedabideek egin dute publiko informazioa: Brussels Airlines konpainiak 3.000 hegaldi huts edo ia huts egin ditu azken hilabeteotan aireportuetako ordutegi eskubideak bermatzeko. Albisteak astindua ekarri du herrialde hartan eta Belgikako gobernu federalak Europako Batzordeari idatzi dio eskatuz aireportuetako ordutegiei buruzko arauak birpentsatzeko.

Lufthansa konpainia alemaniarrak, bere hegaldi eskubideak ez galtzeko negu honetan 18.000 hegaldi huts edo ia huts egin beharko dituela jakinarazi du, Climáticak jaso duenez. Konpainiaren ustez "zentzurik gabeko hegaldiak dira".

2020 hasieran, airelineek programatuta zeuzkaten aireratzeko edo lurreratzeko ordutegian %80a bete behar zuten gutxienez etorkizunena hegaldiak antolatzeko eskubidea gal ez zezaten. Hori pandemia gertatu aurretik zen. Ondoren %50era jaitsi zuten, baina oraindik ere gehiago apaldu beharko litzatekela dirudi konpainiek ez dezaten jarraitu bidaiaririk gabeko milaka bidaia egiten, horrek dakarren kutsadura eta zentzugabekeriarekin. Belgikako Mugikortasun Federaleko ministro Georges Gilkinetek Europako garraio komisario Adina Valeani hori eskatuz idatzi diola esan du.

Financial Times egunkariaren informazioen arabera, Bruselako agintariek arau horiek aldatzeko presioak sentitzen dituzte.

Stay Grounded mugimenduak salatzen duenez, munduko klima beroketaren %5etik %8ra hegazkinek sortzen dute, eta beraz, aire konpainiek neurri arduratsuak hartu behar dituzte klima larrialdiari erantzuteko. Hegaldi fantasma hauek kezka areagotu besterik ez dute egin.

 


Zurea bidali