Bizi-baratzea

Lizarra, eskutada bete etekin
2022-06-22  |  Jakoba Errekondo

Berritu dugu etxeko ate-etxeen habeetako lizarra (Fraxinus excelsior). Zenbait tokitan elorri zuria jartzen dute (Crataegus monogyna). Egun luzeenak ospatzen ditugu orain, baita eguna mozten den arteko datozen sei hilabeteotan negurako bildu eta jasoko ditugun uztei bide ona opatzea ere, geure onerako, noski. Gurtzarako zerbaitegatik erabiliko dugu lizarra. Hori ez da egun batetik besterako asmakizuna. Lizarra zuhaitz sakratua da, kristauek ere badakite ez dagoela bedeinkatu beharrik. Etxe ondoan izaten dugu eta itzalaz gain makina bat etekin eskaintzen digu: tximistak uxatu, egur eta zur ona eman, larreak agortzen direnerako harmenetan biltzen den aziendarentzako bazka eta abar. Bizitzeko ingurukoaren premia izan dugun artean, lizarra gure zuhaitzik garrantzitsuenetakoa izan da; hurritza bezala (Corylus avellana).

Lizarra bakartia da, ez duzu ikusiko lizardi garbi handirik. Bakar samar eta ura dagoen lur fresko eta aberatsetan hazten da. Urik bada lurrean, bere kasa ederki ugaltzen da, haziak haizetan hegan sakabanatzera jostatuz. Euskal Herri osoan topatuko duzu. Ez horrela bere ahizpa lizar loreduna (Fraxinus ornus), Arabako Badaiako eta Arratoko mendietan besterik aurkituko ez duzuna. Lizar arruntak ez bezala horrek loraldi ikusgarria ematen du.

Lizarretik sortzen da mana. Mana lizarra bedeinkatu beharrik ez dagoela badakiten sekta horretakoek goratu zuten. Jaki berezia da, lizarraren izerdia eraldatuz egiten dena. Uda partean lizarraren azalean ebakiak egiten dira, eta horietatik zuhaitzak galduko duen izerdia biltzen da; irakin eta azukreak kontzentratuta sortzen da mana. Azukrearen ordezko eta sendagai bezala erabiltzen da oraindik ere. Batez ere Siziliako iparraldeko Madonie Parkean, eta lizar loredunetik sortzen da. Ezagunak dira, baita ere, izerdia bera hartzitzen utzi eta sortzen diren likoreak. Ziburuko Luxiaenian hostoekin Lizarnoa edari sonatua egiten dute. Eta izerdiaren likorea noizko?

Lizarraren zura ere ez da saguzarraren eguerdiko doministikua. Dentsitate ertaina du, 450-860 kg/m3, kolore argia eta hari dotorea. Oso egonkorra da eta era berean elastikoa eta irmoa; gure aitonak zioen bezala, zimela, hausten zaila. Kirtenak, karroak, altzariak, aulkiak, kirolerako erraketak, palak, eskiak, eskalaproiak, belaontzietako ezpeletak, maiatzak eta abar egiten dira. Altsuma berri gazteekin, berriz, txilibituak. Su egurra eta ikatza bikainak ematen ditu.

Bere zurak soinua (buila, burrunda…) hartu edo xurgatzeko gaitasuna du. Horregatik Europa iparraldean unibertsitate eta eskola, kartzela eta erietxeetan oso erabilia da, eragin lasaitzailea baitauka.

Lizarra, bizkarrekoak emateko kirtena eta ondorengo erietxeko ohea eta aulkia.


Zurea bidali