Bizi-baratzea

Lindanoa

Lindanoz kutsatutako guneen garbiketa ziurtatu dadila eskatu dute ekologistek Eusko Legebiltzarrean
2017-09-27  |  Unai Brea

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean izan dira, EH Bilduen eskariz, Espainiako Estatuan lindanoak eragindako kalteei buruzko txostena aurkezten. Europako Legebiltzarrean egindako azken bisitan talde politiko guztiek arazoari irtenbidea bilatzeko hartutako konpromisoa gogorarazi nahi izan dute.

Trapagarango Oiola urtegia da EAEn lindanoz kutsatutako guneetako bat. (Arg.: Barakaldoko Irabazi)

Pozoiketa iraunkor eta isil izenburuko txostenean, Ekologistak Martxanen estatuko federazioak lindanoaren fabrikazioaren historia deskribatzen du, baita haren hondakinek sorrarazitako arazoen berri eman ere. Militante ekologistek Legebiltzarrean azpimarratu dutenez, hainbat hamarkadatan ekoitzi zen konposatu toxiko hori EAEn, eta kudeatzeko oso zailak diren milaka tona hondakin geratu dira, oraindik naturan dirautenak, kasu batzuetan ibai eta urtegietan.

Arazo eskerga horri aurre egiteko hainbat eskari egin diote administrazioari, besteak beste  kutsatutako gune guztien erabateko garbiketa bermatzea. Halaber, adierazi dute lindanoarekin gertatutakoa ikertu eta behar diren erantzukizunak eskatu behar direla, eta gaiari buruzko informazioa etengabe eta gardentasunez eman behar zaiela herritarrei. Agerraldiaren amaieran, positibotzat jo dute Batzordeko talde politiko guztiek elkarlanerako agertu duten prestutasuna.