Bizi-baratzea

Lindanoa

Legezkoa baino Lindano maila altuagoa dute Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroek
2020-10-15  |  Jone Markuleta

Lindanoak eragindako kutsadurak okerrera egin du ibai eta lurzoruetan, Ekologistak Martxanek jakinarazi duenez. Kontrolik gabe isuri zen eta emaitzak orain dira ikusgai. 

Europar Batasunean 2008tik debekatuta badago ere, Euskal Herrian oraindik ezaguna da lindanoa. Intsektizida gisa erabili izan da, baina gizakiarentzako toxikoa eta arriskutsua da, eta ingurumenean luzaz irauten du. Ekologistak Martxan elkarteak argitaratu duen Lindano: ondare toxiko baten gaurko egoera txostenean jasotzen da taldeak egindako ikerketa bat, helburu zuena aztertzea 2017an eta 2018an lindanoa egon ote den lurzoruan eta ibaietan. Azteketa burutzeko Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Uraren Euskal Agentziak egindako 1.667 analisitan oinarritu dira.

2017tik egoerak "okerrera" egin duela ondorioztatu dute. Izan ere, datuek erakusten dute egoeraren larritasuna: 2017an baimendutako lindano kantitatetik gora zeukan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibaien %1,4k, eta urtebete geroago %11,9 ziren kutsatutako eremuak.

Substantzia toxikoaren kantitatea deigarria da Ibaizabal eta Nerbioi ibaien arroetan. Nerbioi ibaian kutsatzaile horren legezko mugak gainditu dira bai urteko batez bestekoari dagokionez (20 nanogramo litroko), baita une jakinetarako gehieneko balioei dagokienez (40 nanogramo) ere, Ura Agentziak egindako analisien arabera. Ur kutsatuen laginak ibaiaren beheko zatiari dagozkio, Nexana eta Chemical pestizida-fabriken antzinako industria-kokalekuen inguruneari, 1982an eta 1987an lan egiteari utzi zioten arren.

Txostenaren arabera, nonahi banatu ziren hondakinak, Erandioko eta Barakaldoko Nexana eta Chemical enpresetakoak, eta zuzenean lotuta daude lindanoaren kontrolik gabeko isurketekin, "hondakinak kontrolik gabe garraiatu baitzituzten batetik bestera" eta bereizi gabe isuri baitziren.  

Talde ekologisten ikerketei esker, azken urteotan legez kanpoko hainbat zabortegi aurkitu dituzte, Santurtziko Etxe-Uli, esaterako.