Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

“Lehenago edo beranduago onartu, basogintza eredu honen bukaera iritsi da”
2022-08-30  |  Garazi Zabaleta

2018an sortu zuten Iñaki Etxebeste Larrañagak eta Markel Arriolabengoa Martiarenak Errez Kooperatiba Elkarte Txikia. Basogintzako kudeaketa eta aholkularitza enpresa da beraiena, baina jardun horri ikuspegi desberdin bat ematen diote. “Kooperatiba sortu genuen momentuan, krisian sartzen ari zen basogintza eredu nagusia, pinuaren gaixotasunaren harira”, azaldu du Arriolabengoak. Europan, estatu frantsesean nahiz Erresuma Batuan, ari ziren ordurako bestelako ereduetan sakontzen, eta Euskal Herrian bertan ere baziren Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa baino kudeaketa jasangarriagoaren adibideak. Hortik tiraka ekin zioten lanari.

Erronka nagusia etorkizuneko testuinguruetara egokituko den basogintza bultzatzea dela azpimarratu du kooperatibako kideak. “Klima aldaketari, jendarteko beharrei eta bestelakoei erantzungo dion eredua behar dugu, eta basoak ekosistema-zerbitzu guztiak sortuko dituela bermatu”. Izan ere, ikuspegi produktibistari soilik begira garatu den basogintza ereduak egurraren ekoizpena izan du ardatz. Bista elementu bakar horretatik altxatzea ezinbestekoa da Arriolabengoarentzat; alegia, maila berean jartzea egurraren ekoizpena, uren zikloa hobetzea, CO2 isurketak arintzea, aisialdia eta beste zenbait elementu.  

“Europako zenbait herrialdetan garatu diren eredu batzuk zientziari eta ikerketari oso lotuta daude, eta esaterako, arraseko mozketarik ez dute egiten: bakantze moduan egiten dira mozketak, ziklo bakoitzean zuhaitz konkretuak moztuz”, dio. Kooperatibak, gainera, bertako espezieekin soilik egiten du lan, aldaketetara hobeki egokitzen direlako eta gaixotasun, izurrite eta baldintza klimatiko desberdinen aurrean arbola guztiak kaltetzea zailagoa delako. “Zientziak askotan erakutsi duenez, kanpoko espezie bat sartzen denean eta horrelako produkzio maila izaten duenean, fase oso emankor bat egoten da, baina segituan iristen da kolapso egoerara”, azaldu du adituak pinuaren kasuari erreferentzia eginez. Kanpoko beste espezie batzuk modu bortitzean sartzen ari diren garaiotan, bi aldiz behintzat pentsatzeko moduko kontua.

Lurjabe pribatu nahiz publikoekin dihardu Errez kooperatibak, eta lanik ez zaio falta; honezkero lau lagun dira lantaldean.

Tantai Baso Jabe Kooperatiba

Herriz herri dauden ekimenei esker, baso eremu txikietan aldaketak ematen ari dira azken urteotan, baina sakoneko aldaketa bultzatzeko eskala handiagoko ekimenak behar dira. “Baso sail oso txikiak dira askotan, eta jabetzak oso banatuta daudela. Horrek kudeaketa asko zailtzen du, eta hori da gaurko beste erronketako bat”, dio. Desafio handi horri heltzeko asmoz, Euskal Herri mailako kooperatiba sortzen ari dira orain: Tantai Baso Jabe Kooperatiba. Lurrak ustiatzeko egitasmo horrek usufruktu kontratu bidez lurren erabilera kooperatiboa bultzatu nahi du, bertako espezieak landatuz guztiontzako onura ekonomiko eta ekologikoak lortzera bidean.