Bizi-baratzea

Lindanoa

Larrezabalen lindanoz kutsatutako gunean segurtasun-neurririk ez dagoela salatu dute
2021-07-20  |  Iraitz Madariaga Etxebarria

Mungiako zabortegi zaharrera sartzea eragozteko neurririk ez dagoela esan dute Ekologistan Martxan-ek eta Butroi Bizirik Trantsizioan-ek.

Larrezabalen lindanoz kutsatutako gunea. Argazkia: Ekologistak Martxan

Larrezabale zabortegi zaharrean (Mungia, Bizkaia) lindanoz kutsatuta dagoen eremura sartzea eragozteko segurtasun-neurririk ez dagoela salatu dute.

Mungiako Udalak aurten hasi ditu zonaldearen arrisku maila kalifikatzeko lanak, 2017an Ekologistak Martxan plataformak egindako eskaera baten ondoren. Azterketa egiteko obrek iraun bitartean, bidea itxita egon da, “substantzia asrriskutsuak zeudela ohartarazten zuten seinaleekin”, baina, orain, neurriak kendu dituztela salatu dute bi elkarteek. 

Duela gutxi, udalak gutun bidez erantzun du neurketak egiteko kontratatutako enpresak beharrezko neurriak hartuta zituela. Baina plataformek berretsi dute hasieran ezarritako prebentziorako tresna horiek bertan behera geratu direla: joan den asteburuan, txangozale talde batek zundaketak egiten ari diren lekura sartzea lortu zuen. Ertzaintzaren aurrean salatu dute gertatutakoa.

Lindanoa zabortegietan

Ekologistak Martxanek askotan salatu izan du lindanoak zabortegiak izandako eremuetan sortzen duen poluzioa. 2019. urtean kutsatutako beste eremu baten kasua azaleratu zuen plataformak: Lemoizko Jatako mendian dagoen zabortegiaren ondoan egiten ari ziren obretan prebentzio-neurriak hartzeko eskatu zuten.

Urte berean, Eusko Jaurlaritzak lindanoak eragindako kutsaduraren aurka egiteko lege proposamena onartu zuen, eta Ekologistak Martxanek legea aplikatu behar zuten hainbat udali egin zien dei: Bilboko, Barakaldoko, Trapagarango, Erandioko, Sondikako, Mungiako, Santurtziko eta Gasteizko aginte publikoei.

 


Zurea bidali