Bizi-baratzea

Langile bat hil eta beste hiru zauritu dira Tarragonako zentral nuklear batean
2021-11-25  |  Leire Artola Arin

Segurtasun iturrien arabera, karbono dioxido isuri batengatik gertatu da Ascoko istripua, ez "jarduera erradiologikoagatik". Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohartarazi du zentral horietan “beste ezeren gainetik, lehentasun nagusia” izan behar dela herritarren eta langileen segurtasuna. Garoñako zentrala desegiteko “segurtasun-neurriak” eskatu ditu taldeak.

Karbono dioxidoa arnastuta hil da Asco zentral nuklearreko langilea. / Argazkia: CSN

Azaroaren 24 arratsaldean Tarragonako Asco zentral nuklearrean istripu bat jazo da, eta karbono dioxidoa arnastearen ondorioz langile bat hil eta gutxienez beste hiru arin zauritu dira. Generalitateko suhiltzaileek eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak (CSN) jakinarazi dutenez, “ez du zerikusirik jarduera erradiologikoarekin”. Langileak suteen aurkako sisteman mantentze-lanak egiten ari zirela karbono dioxidoa isuri da (sua itzaltzeko erabiltzen dute CO2a, ura ezin delako erabili). Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak ohar batean salatu du zentral nuklearretako istripuak “kosta ahala kosta” saihestu behar direla, eta gogorarazi du “lehentasun nagusia” izan behar dela herritarren eta langileen segurtasuna. Hildakoaren gertukoei “elkartasuna eta babesa” eskaini diete.

Hildako gizonezkoa zentraleko suhitzaile bat da, larrialdietarako talde bat baitute bertan. El Periodico Kataluniako egunkariak argitaratu duenez, langile batek ohartarazi die kanpoko larrialdi zerbitzuei istripuaz; zentralak oraindik ez zuen abisua emanda. Ez zekiten ezer Generalitateko suhitzaileek, Esquadra Mossoek, Guardia Zibilak, ezta SEM Larrialdietarako Medikuen Zerbitzuek ere. Zentral nuklearreko iturriek hedabide horri azaldu diotenez, hasiera batean zentraleko bertako larrialdi taldeak egin dio aurre istripuari, eta egoeraren larritasuna ikusitakoan eskatu dute kanpoko laguntza. CNTren Valentziako sindikatuak Twitter bidez salatu du Asco zentralak ez dituela beharrezko segurtasun neurriak betetzen.

Garoña desegiteko segurtasun neurriak eskatu dituzte

Era berean, Eguzki taldeak galdegin du Garoñako zentral nuklearraren eraistean “segurtasun neurriak bermatzea”. Hain zuzen, taldeak alegazioak aurkeztu ditu Arabarekin mugan dagoen Burgosko Garoña zentralaren desegite-prozesuan. Izan ere, martxoan argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean zentral nuklearra eraisteko 1. fasearen proiektua, baina Eguzkik “gardentasuna eta informazioa” eskatu ditu: “Proiektu horretan ez zen azaltzen segurtasun arloko ez neurrien ezarpenik, ezta segurtasun-arriskuari dagokionik ere, ez esperientziarik beste zentral nuklearretan, ez desegite-lanek pertsonen osasunari eta ingurumenari kalte egiteko arriskuarekin duten loturarik ere”. Halaber, ingurua biziberritzeko plan bat egitea galdegin dute.