Bizi-baratzea

Landareak ere elbarritu egiten ditugu
2020-11-19  |  Jakoba Errekondo

Urrutira joan beharrik ez da izaten zuhaitzek sufritzen dituzten tratu txar eta laido umiliagarriak ikusteko. Zerrenda amaigabea da. Bi adibide soil emango ditut.

Jendarte harroputz honek, bai, zuk eta nik, hankapean darabilzkigu landareak. Irakurleak esango du, hemen da Jakoba bere etengabeko erretolikarekin. Ba bai, bukatzen ez dena daukat kordamusa hau. Haginezko (Taxus baccata) haginte-zigor eta haginkadakako hagintea darabilgu. Haginte hori kultura kontua da. Ondoretasun genetikoa balitz bezala jaso dugu, halabeharrezkoa balitz bezala, eta ezta gutxiagorik ere. Oinordetzan ere ez dugu jaso landareekiko jokabide hori, ez baita eskubidea ere. Ezjakintasunak eta kanpoeder izaera txepelak eraman gaitu naturaren eta landareen zaintzan eredugarria zen gure kultura zarpatsu eta lotsagarri bihurtzeraino. Eta auzolotsa sortzerainoko lotsagabekeriarekin jokatzen dugu. Hau lotsa!

Zuhaitzena da ispilu ikusgarriena. Udazkena usaindu ordurako makina bat zerra, zerrote, kodaina, kima-guraize, sebot, arpan, trontza, zerra motordun, motozerra, aihotz eta inauskai kriminologiaren artxiboak osatzeko pronto azaltzen dira, nonahi, bazter guztietan.

Urrutira joan beharrik ez da izaten zuhaitzek sufritzen dituzten tratu txar eta laido bidegabe eta umiliagarriak ikusteko. Zerrenda amaigabea litzateke; hobe esanda, zerrenda amaigabea da.

Bi adibide soil emango ditut. Auzoko herrian zirkoa egon da kanpatuta. Egitura eta guztiz estaltzen zuen olana lotzeko buelta osoan burdin-ziriak sartu eta horiekin eutsi zioten. Alde batean zilar-astigar (Acer sacharinum) lerro bat dagoenez, zuzenean haien ipurdian tenkatu zituzten uhalak, zirgak eta kateak. Denbora luzez egon dira lokarriak zuhaitza estutu eta tiraka. Burdin-ziri arrunt batzuk balira bezalako tratua emanez, bizidun den orok merezi duen lotsa onaren arrastorik gabe. Eta, ahoa neurri, jendea zuritze lanetan: “Niri ez zaidak hainbestekoa iruditzen. Behetik lotuta zagok eta ez urratzeko babesarekin. Indar handi bat egiten ez badik, ez luke arazorik izan behar” idatzi zidan batek sarean.

Zilar-astigar ilara horri segituz gero hondartzara iritsiko zara. Haren atarian marugatze japoniar (Morus bombycis) ilara bat bizi da. Kresalarekin ederki bizitzen dakite, baina enbataren erasoak makurrarazten ditu. Horrez gain fruitu ugari ematen dute, bisitari batzuen gozamenerako eta beste batzuen haserrerako, espaloia erabak lohitu eta likisten baitute. Ba aste honetan horietako hiruri jo eta lepoa moztu diete. Susmoa dut okerrak zirelako hil dituztela. Ezin ote dugu ikusi zuzen-zuzena, tente-tentea, dotoreziaren eredu dugun hori goitik behera betetzen ez duen zuhaitzik? Okerra, makurtua, haizearen bultzada etzanda jasotzen duen zuhaitza askoz ederragoa da, biziagoa, normalagoa. Elbarria da, noski, normala, gu bezalaxe, bakoitza bere edertasunarekin eta moztasunarekin. Motzetik ondo hornituta dabil horrelako astakeriak eta krimenak hagintzen dituen jendea. Aspaldi asmatu genuen “babalore”-aren sinonimo bat egia bihurtu eta urtero sari bat ematen hasi beharko dugu panpana jo eta hartuta ibiltzen diren horien artean: Miss edota Mister Moztare.


Zurea bidali