Bizi-baratzea

Landaketa sasoia
2021-11-25  |  Jakoba Errekondo

Zuhaitzak eta arbolak landatzeko sasoia etorri da. Udazkenaren bigarren erdia eta neguaren lehena, segidan ditugun hiru hilabeteak dira lan horretarako egokienak. Egun-ilunak 14 orduak gainditzen ditu eta egun-argia 10 ordura ez da iristen. Bederatzi ordu eta laurden ingurukoa izango da egutegiko neguari hasiera ematen dion egunik laburrena, neguko solstizioa, alegia; aurten abenduaren 21a.

Urtea joan eta urtea etorri, konturatzerako etorri egiten da landaketa garaia eta ni, ostera, aurten aldatu nahi ditudan landareen zerrenda osatu gabe. Hostoa galtzen duen landare jendea landatu behar da tarte honetan. Gero negua amaitu eta udaberrian sartzean, egun-argia egun-iluna baino luzeagoa denean landatuko ditugu hostailari eusten diotenak. Aukeran argi asko eta lurra epelduta, biziago, izango dira ordurako.

Hori landatzeko asmotan bazara... Zuhaitzak eta arbolak berez jaio diren tokian uztea litzateke onena. Jaio eta urte bat edo biz hazi diren txirpiak dagoeneko berezko ekosistema osatzen ari dira, lurgainean bezala azpian. Sabi hori, txikia izanagatik, bizidun ekipo baten aldeztailea da. Bizi den tokitik atera eta bizitoki berri baterako bidean jartze hutsarekin bere bizitzako taldea dena galduko da, eta berari estres handia eragingo dio. Biziko den tokian bertan jaio den landareak osasun eta bizi kalitate askoz hobeak izango ditu.

Beleak intxaur bat ekarri eta etxe kontran intxaurrondo beltza (Juglans nigra) jaiotzen bada, hobe mugitzea. Etorkizunean zuhaitz horrek torturatua izateko edo lepoa mozteko aukera guztiak ditu. Hobe, beraz, txikia den artean atera eta toki bakeosoago batean landatzea.

Ekin landaketari. Ozkorroak atsedenaldian daude, izerdia sustraietan metatua dago, eta hurrengo uda aurretik ondo errotuko da. Has gaitezen: atera-sartu lanak ahalik eta azkarrena egiteko, zuloa aldez aurretik eginda eduki, azaleko lur beltza eta azpikoa bereizita atera gero berdin ezartzeko; azalekoari luar edo simaur ondua nahasi. Landarea bere tokitik ateratzerakoan hostajearen zabaleraren parean zulatu eta moztu sustraiak. Lehen bizi zen tokian zuen orientazio bera ematea komeni da. Lepoa, lurpekoa eta gainekoa lotzen diren hori lehen bezala lur azalean geratu behar da; txertatutakoa bada, txertoa lurrazaletik gora nabarmen. Lurra lehen bezala jarri zuloa betez, azpikoa azpira eta gainekoa gora. Ura biltzeko sakon antzeko bat egin zuloaren ertzean, eta egokiena ur puska bat ematea litzateke, sustraiak eta lurra behar bezala elkar daitezen. Sustrai-hosto orekari eusteko inaustea pentsatzen baduzu bigarren mailako adarrak pittin bat moztu, erdiko ardatza ez.

Otsaila urruti ikusten dugu, baina konturatzerako hemen da. Banoa ni frandatu beharrekoen zerrenda egitera: artelatza (Quercus suber), zumar negartia (Ulmus pendula “Mauro”)...