Bizi-baratzea

Laborantzako 2.257 hektarea lur kaltetu dituzte suteek Nafarroan
2022-06-28  |  ARGIA

Suak kalteturiko laborantza lur gehienak zerealari eskainitako lurrak dira. Erretako baso eremua berriz, 12.000 hektareatik gorakoa dela aurreikusten da.

Argazkia: Nafarroako Gobernua

Suteek hartutako laborantzako 2.257 hektareatatik 2.000 baino gehiago zerealari dagozkio. Horrez gain, 86 hektarea fruitu lehorren laborantzarenak dira, 33 olibadiak eta 36 inguru mahastiak.

Zereal lurren ia %100ak asegurua du, baita mahastien %73ak eta olibadien %22ak ere. Baliabide pribatuen bidez sua amatatzeko egindako lanek eta lan horietan kaltetutako ondasunek ere ordaina jasoko dutela iragarri du Espainiako Gobernuak.

Koniferak erre ditu suak

Baso eremuari dagokionez, agintariek adierazi dute oraindik goiz dela kaltetutako lurren kopurua zehazteko, baina aurreikusten dutela erretako eremua dela zuhaixka-baso eta mendi mediterraneo motako 7.600 hektarea inguru eta 4.500 hektarea zuhaitz-eremu, bereziki koniferak.

Kaltetutako baso eremua berreskuratzeko lanen ardura bere gain hartzen duela adierazi du Nafarroako Gobernuak, bai jabetza pribatua duten basoak, bai udalenak eta gobernuarenak direnak ere.