Bizi-baratzea

Laborantza  >  EHko Laborantza Ganbara (EHLG)

Laborantza iraunkorraren aldeko neurri politikoak exijitu dituzte ELB eta EHNEk
2019-11-08  |  Jenofa Berhokoirigoin

Prentsaurrekoa eskaini dute EHNE eta ELB sindikatuek, Lurramatik, laborantza iraunkorraren aldeko neurri politikoak eskatzeko. Antolatzaileek jakin dutenez, Frantziako Laborantza ministroa Lurramara etorriko da larunbatean. Ministroarekin bilduko dira ELB eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera, aldarri horiek helarazteko asmoz.

Laborantzaren sektoretik ere klima aldaketaren aurka eragiteko neurriak exijitu dizkiete ELB eta EHNE sindikatuek botere politikoei: “Iraunkortasuna ardatz duten nekazaritza eta abeltzaintza ereduak oinarri dituzten neurri politikoak garatu behar dira, ez ingurumenaren aldetik bakarrik, baita sozialki ere”. Hain zuzen, bi sindikatuen ustez, erronka ekologikoari aurre egiteko soluzioen artean dago nekazaritza eredu hau. Horren alde dabiltza lanean eta gerora ere bide horretan segitzeko nahia berretsi egin dute. Azokaren antolatzaileek jakin izan dutenez, Didier Guillaume Frantziako Laborantza ministroa Lurramara etorriko da larunbatean. ELB eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera bilduko dira arduradun politikoarekin, besteak beste aldarri hauen entzunarazteko.

Imanol Ibero EHNE Nafarroako lehendakaria, EHNE eta Bizi-lur egiturako Aritz Ganboa eta ELBtik Laura Hirigarai, Miren Harrinordoki eta Mikel Iribarren egon dira hitza hartzen.

Besteak beste, horra hor sindikatuen aldarrikapenak: nekazaritza laguntza mota guztietan etxalde txikien babestea eta lehenestea; lurraren espekulazioarekin bukatzeko neurri politikoak hartzea; kontsumo arduratsuarekin kontzientziaraztea jendartea; nekazariei gutxiengo prezioak ziurtaraztea; etxaldeetan baliabide energetiko garbiak ezartzeko laguntzak eta bitartekoak garatzea…

Kontsumitzaileei ere dei egin diete: “Kontsumitzaileen laguntza ere behar dugu, jango dituen produktuak hautatzerakoan kontzientzia duen kontsumitzailea behar dugu”.


Zurea bidali