Bizi-baratzea

Kuku-praka tantaia
2022-05-19  |  Jakoba Errekondo

Kuku kantuen doinuetan blaitzeko irekitzen ditu loreak kuku-prakak (Digitalis purpurea) apiriletik uztailera artean. Tantai edo mastelero handi baten itxura du bere loretzarrak. Metro eta erdi luzatzen da, baita gehixeago ere. Gehienetan ubel kolore biziko (hortik purpurea) lore zintzilikarioek errenkada luzea osatzen dute gara tentean. Beheko barrenekoak irekiko dira lehenak, pixkanaka haiek zimeldu ahala goikoak irekiaz. Lore bakoitzak ditare forma ederra du, hortik Digitalis izena.

Azkuek ere jaso zuen "titera-lora" forma, ditare-lore alegia. Kuku-praka izenak alde ederreko lurrina du! Astalore edo astolili ere bada; baita sukar-belar ere. Joane-belar ere esaten omen zaio Markina aldean. Azkutai izena ere jasoa dago. Xilintxa ere bai, ditare forma horrek ezkila edo zintzarria ere gogorarazten duelako. Kuku-prakarekin batera kuku-lore, kuku-lore gorri, kuku-porru eta baita kuku-belar ere; azken izen horrekin lau-praka eta amabirjinaren eskularruak eta zeinu-lili ere esaten zaionarekin (Aquilegia vulgaris) nahasten da.

Kuku-praka landare pozoitsua da. Pozoitsuak diren landare guztiak bezala, baita sendabelarra ere. Pozoia dosiaren araberakoa da, badakigu. Pozoia den dosia baino txikiagoa edo askoz ere txikiagoa sendagarri, osagarri izan daiteke. Kuku-prakarekin horixe gertatzen da. Aspaldi aspalditik ezagunak dira bere osagaiak: glukosidoak, digotixina, gitoxina, digitalina, geninak eta abar. Osagai hauek neurri handiagoan izango ditu bizilekuan eguzkia eta hezetasuna baditu. Argizalea da, beti eguzkiak jotzen duen tokietan ageri da, baina ez da berozalea horregatik. Ingurune hezeak, aire hezea nagusia den tokiak ditu gustuko. Botika bezala erabiltzen diren osagai horien konzentrazioa aldakorra da kuku-prakaren hostoetan. Ugariagoak dira hostoan eguzkiak ematen dion artean; gero desegin egingo dira eta landareak beste erabilera bat emango die. Goiz partean ia arrastorik ere ez dute izango. Arratsaldearen hasieran biltzen dira hostoak, azpiko aldeko kalterik gabekoak eta lore gararen beheko aldekoak; azpiko hosto zaharrenak eta gararen goiko aldekoak ez hartu. Beti ere lehen loreak irekitzen hasi direnean. Hosto horiek behar bezala lehortzea ere ez da nolanahiko lana: egun bero eta lehorretan sare baten gainean zabal-zabal eginda jarrita edo labe edo berogailuren batean, sekula 45 ºtik gora igo gabe. Ondo itxiko den beirazko ontzian jasoko da egun bero eta lehorrean, eta bizi zela hainbeste maite zituen argitik eta hezetasunetik urrun mantendu.

Gaur egun kuku-prakaren botika horiek laborategian sortzen dira eta dosiak ederki neurtu eta egiazta daitezke. Garai batean ordea, landarearen osagai horien aberastasuna zehatz-mehatz ezagutzen ez zenez, baso-igel gorriari edota katuari emandako hil arteko dosiekin zehazten zen lagunari eman beharrekoa.

Hemen irakurritakoekin ezta okurritu ere kuku-praka probatzea. Osagarriak diren dosiak toxiko eta hilgarriak direnen hurbilekoak dira. Bihotzean gauzatzen du bere eragin nagusia, beraz, badakizu, ahaztu eta bere loraldiaren dotoreziaz gozatu.

 


Zurea bidali