Bizi-baratzea

Kontrolpean dute Bardeetako sutea, baina kalte handia eragin du
2021-07-21  |  ARGIA

Asteartean piztu zen sutea, biltzen ari ziren labore sail batean.

Argazkia: EITB

Astearte iluntzean piztu zen sutea Bardeetan, Eguarasko barrutian. 20:20 aldera SOS Deiakera deitu zuten, bildua izaten ari zen labore sail batean sua piztu zela ohartaraziz. Oraindik ez dute sutearen jatorria baieztatu, baina ustez uzta biltzeko makina batek piztu zuen sua, harrien kontra jo eta txinparta sortu ondotik.

Suteak denbora tarte motzean indarra hartu zuen eta arboladi bateraino zabaldu zen. Nafarroako hainbat tokitatik joan ziren suhiltzaileak lanera; Tutera, Tafalla eta Azkoiendik lehenbizi, eta Lizarra, Zangoza eta Cordovillatik beranduago. Bi helikoptero eta Azor hegazkina ere aritu ziren lanean, baina gaua sartzearekin bat bertan behera utzi behar izan zituzten lanak.

Asteazken goizean jakinarazi denez, sutea kontrolpean dago. Egunean zehar kalkulatuko da zenbat hektarea kiskali dituen suteak. Nafarroako Gobernuaren arabera, ingurumenak jasandako kaltea handia da.


Zurea bidali