Bizi-baratzea

Basoa  >  Espezieak

Kolore Guztietako Basoak: "Bizkaia eukaliptoarekin daramate Portugalek atzean utzi nahi duen baso eredura"
2020-11-19  |  ARGIA

Kolore Guztietako Basoak elkarteak salatu duenez, gaitzak jotako pinuaren ordez baso eremu gehiena eukaliptoekin ordezkatzeko dinamikarekin Bizkaia daramate Portugalen begien bistatik kendu nahi duten eredu berera. Zehazki Bizkaiko Foru Aldundiko agintariei egozten die gertatzen ari denaren erantzukizuna.

"Portugalek atzean utzi nahi duen baso eredurantza garamatzate arin-arin (...) Basogintza sektore ofizialak eta foru administrazioak, ostera, eukaliptoranzko apostua egiten du. (...) Bizkaiko Foru Aldundiko Mendietako Zerbitzuaren diru-laguntzen joerak eukaliptoa landatzea errazten dute (...) Beraz, ezer egiten ez badugu, Bizkaian Kaliforniako pinuak betetzen zituen 70.000 hektareetatik gehienak eukaliptoak hartuko ditu". Horrela mintzo da Kolore Guztietako Basoak elkarteak zabaldu duen salaketa berriak. Hainbat pertsonalitate ezagunek eta naturaren kontserbazioan bezala aktibismo ekologistan dabiltzan elkarte sorta batek osatutako koalizioa da Kolore Guztietako Basoak.

Elkartearen arabera, onddo-gaixotasunek hondatutako pinudiak eraitsi ostean hainbat lurjabek eukaliptoa landatzeari ekin dio, agintariei galdetu ostean. Basoen jabe horiek, antza, ez dute ikasi lehendik pinuarekin gertatutakoarekin eta haientzako mezua badu Kolore Guztietako Basoak elkarteak: "Lagun horiei zera galdetzen diegu: Pinus radiata pinuarekin gertatu zaiguna eta gero, zer gertatuko zaio, zuen iritziz, epe ertainean, lur masa horien osasunari eta errentagarritasunari, eukalipto landatzeak hainbeste ugalduz gero? (...) Eukaliptoa aukera errentagarrientzat jotzea kalkulu eta kudeaketa akats potoloa dugu, landaketa horiek guztiontzako dakartzaten albo-kalte ugarien kostuak ez zenbatzeagatik: ur-zikloa eraldatzea, biodibertsitatea eta lurraren emankortasuna murriztea, lur-egiturak suntsitzea, enpleguak gutxiagotzea eta suteen posibilitatea eta larritasuna handiagotzea".

Baina, elkarteak salatzen duenez, Bizkaiko Foru Aldundia basoen jabe pribatuei okerreko gomendioak emateaz gain oker larriagorik ere egiten ari da: "Zorionez, Bizkaiko udal asko Kontserbazio Basoak eta Naturatik Gertuko Ekoizpen Basoak ezartzen ari dira haien Erabilpen Publikoko Mendietan. Aldiz, udal horietako askok mehatxuak aurkitu dituzte bidean: kudeaketa produktibistara itzultzea planeatzen duten agintari berriak; eta are larriago, Aldundiko Mendietako Zerbitzuaren menpeko tramiteen luzatze arrazoirik gabekoa. (...) Duela hilabete gutxi, EHUko zientzialari batzuk eta Aranzadi Elkarteak argitara eman zuten eukalipto landaketaren ondorioei buruzko txostena, Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa. Txintik ere ez diegu entzun, baina, diputazioetako Mendi Zerbitzuetakoei, basoen egoerari buruzko errelato zoriontsuari eustea nahiago dute".

 


Zurea bidali