Bizi-baratzea

Laborantza  >  EHko Laborantza Ganbara (EHLG)

Klima aldaketari begira jarri dira Lurraman
2019-11-08  |  Jenofa Berhokoirigoin

Abiatu da Lurrama Miarritzen, igande gauera arte iraunen duen laborantza herrikoiaren festa. Klima aldaketaren gaiari begira jarri dira, soluzio indibidual zein kolektiboetan arreta jarriz.

Jendez betetzen ari da Miarritzeko Irati aretoa, Lurrama azokaren kari. Apairu, hitzaldi, merkatu zein baserriko abereen erakusketen bidez, laborantza herrikoiaren mundua ezagutaraztea dute xede antolatzaileek. Horrez gain, klima aldaketari buruzko gogoeta sustarazi nahi dute. “Gai hau hartu izanak zentzu osoa du, klimaren desafioari aurre egiteko bidea ere dugulako laborantza herrikoiarena”, antolatzaileen hitzetan. Konkretuki, igandea bitartean erronka honi buruzko hainbat hitzaldi eta mahai inguru dituzte finkaturik.

Valérie Masson Delmotte Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko lehendakarietako bat dute ugazama aurten, Slowfood egiturako Paola Nanorekin batera. “Guk gure jakintzak plazaratzen gabiltza, baina otoi jakintza horiek ekintzetara bideratzen lagundu behar gaituzue, denbora kontatua dugulako” deia luzatu die Masson Delmottek bertaratuei. Elikatzeko moldeak ondorio ekologikoak ere dituela azalduz, ekoizpen eta kontsumo iraunkor baten beharra azpimarratu die parean dituen nekazari eta kontsumidoreei. Aukera hau eskaintzen dabiltza merkatuan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ekoizleak, aurten nafartarrak ere dituztela haiekin.

Ostirala umeen eguna izan ohi da eta badabiltza helduen artean ezker eta eskuin, irakasleak hor dituztela zaintzen. Orotara, hogeita bi ikastetxe dira Miarritzera hurbildu, guztira 1.200 ume. Egunak gauari lekua utzi arau, umeek helduei utziko die espazioa eta gogoetak festa giroari. Nafarroa izaki lurralde gomitatua, Petti, Kaskezur eta Dj Tirri & Tery artistak egonen dira ostiral gaueko giroa berotzen.

 

 


Zurea bidali