Bizi-baratzea

Kaletarrek landa eremua inbaditu dute
2021-04-06  |  Mikel Garcia Idiakez

Baserri eta herri txikietako bizilagunak kexu dira: mendira ihes egiteko kaletar gero eta gehiagoren joerak ekarri du ingurua autoz betetzea, jendea etxe atariraino barneratzea, animaliak aztoratzea, zaborra pilatzea, hirian betetzen dituzten arauei landagunean muzin egitea… Errespetua eta sen ona eskatu dute, bertan jendea bizi dela aintzat hartzea.

Argazkia: Gasteiz Hoy

Pandemiak ondorio ulergarria ekarri du azken hilabeteotan: hiritarrek mendi aldera egiten dute arnasa hartzera, baina konturatu gabe hainbatetan sortzen den masifikazioak arnasa kentzen diela landagunean bizi direnei. Autoak adibide garbia dira: landa eremuko bide estuetan pilaketak eragiten dituzte, larrialdi egoeratan bidea oztopatzen dute, eremu pribatuetan eta xendra bazterretan nahieran aparkatuta egon ohi dira, nekazal guneetara makinaria ezin garraiatu geratu daitezke bizilagunak autoek traba egiten dutelako… Horiek Gasteizko Kontzeku Elkartearen salaketetako batzuk.

Sortutako zaborra jaso gabe geratzen dela edota baserritarren intimitatea urratuz jendea otordua egitera edozein gunetan sartzen dela eta hesiak igarotzen dituztela, horiek herritarrek egiten dituzten kritikak, besteak beste.

“Nazka-nazka eginda gaude”

Abel Segurola artzain azpeitiarra elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Kaletarrek mendian paseatzera ateratako zakurrek ardiak izutu dizkiotela azaldu du, ardietako bat lepotik heldu eta ito dutela, eta beste bat zauritu. “Nazka-nazka eginda gaude, ez dituzte kartelak errespetatzen eta eskatzen duguna da jabeek zakurrak pixka bat kontrolatu ditzatela”. Hirian lotuta daramatzaten zakurrak, landa eremuan kontrolik gabe libre dituztelako haserre mintzatu da Segurola.

Azken finean, bizikidetza da gakoa. Errespetua eta enpatia eskatzen du landako jendeak, bisitariak kontziente izan daitezen eragiten duten inpaktuaz eta buruarekin joka dezaten, batzuen aisialdi gune dena beste batzuen bizitoki delako.


Zurea bidali