Bizi-baratzea

Kalamua hemen da
2022-11-17  |  Jakoba Errekondo

Kalamua hemen da. Kalamutik (Cannabis sativa) datoz marihuana eta haxixa, besteak beste. Kalamua munduan gehien kontsumitzen den droga omen da. Legezko ardoak eta botikak kontuan izan gabe izango da… Gero eta estatu gehiagotan legezkoa da kontsumoa, kontsumitzailearen patrikaren eta gorputzaren osasunerako.

Kalamua (Cannabis indica).

Kalamua hemen da. Kalamuarekin egiten da zuntz natural ezaguna. Gai horrekin egin izan dira ehunka urtetan gure itsasontziak gobernatzen zituzten soka, lokarri, txikota eta abar. Baita arropa eta papera bezala beste gauza askotarako ehuna ere. Eta bueltan dator.

Kalamua hemen da. Kalamuak (Cannabis indica) izugarrizko onurak dakartza osasungintzan. Ez da berdantza-bartekoa bere erabilera, eta indarrean dator bueltan. Gero eta gehiago darabilte sendagileek gaixoen osagai.

Kalamua hemen da. Izan ere nekazaritzaren aiekatik ere onuragarria da oso. Lau hilabetetan hazten den kalamu golde batek 20-50 urtetan hazten den zortzi golde basok adina oxigeno askatzen du. Golde horrek berak lau golde basok adina paper ematen du. Kalamuaren paper hori oso ona da, sendoa eta iraunekoenetakoa; zortzi aldiz birziklagarria da, zurarena, aldiz, hirutan besterik ez. Kalamua ia mundu guztian landu daiteke, lur eta klima gehienetara egokitzen da; era berean, gaitz eta izurrite gutxik erasotzen dio, pestizida eta botika beharrik ez duelarik. Kalamua landu eta sortzea soja (Glycine max) egitea baino askoz merkeagoa da. Kalamu zuntzaren dohainak oso onak dira, lihoarenak baino hobeak, agi danean, eta aproposa da oinetakoak, arropak, poltsak, lokarriak eta abar josteko. Egun plastikoa erabiliz sortzen ditugun ia gauza guztiak kalamuz egin daitezke; “kalamu plastikoak” ingurumena zaintzen du eta erabat biodegradagarria da. Eraikinen isolamendu termikorako erabiltzen da baita ere: erresistentea, malgua eta merkea da. Kalamua kosmetikagintzan ere erabiltzen da xaboiak eta abar egiteko, urik kutsatu gabe eta ingurumena errespetatuz. Kalamudiak erradiazioak bereganatu eta jasotzen ditu; airea garbitzen du. Kalamua jaten duen aziendak ez du hormona laguntzailerik behar izaten.

Kalamuaren haziak proteina asko du eta itxuraz naturan ia aurkiezinak diren bi gai berak baizik ez ditu: azido gamma-linoleikoa eta edestina proteina. Zientzialariek honela diote: kalamu hazien olioa pertsonak zuzenean digeritzen duen proteina, mineral, gantz-azido eta aminoazidoen iturri natural onena da. Eta ondoren dator gure osasunerako duen onura mordoa. Baina hori oin bikoetan iaiotutako osasungileen esku uzten dut. Gero eta arruntagoa izango da kalamua gure bizitzetan. Kalamua hemen da.