Bizi-baratzea

Kaka burutik behera
2021-04-28  |  Xabier Letona Biteri

Argazkia: X. Letona

Kaka buruan nork egin zion jakiteko etxaldeko animalien artean ikerketa abiarazi zuen satorrak. “Eta zuk nola egiten duzu?”, galdetu zion behiari. “Nik horrela”, plaust utzi zuen berea zelaian zabal-zabal, bero-bero. Eta satorra biziki poztu zen ez zelako behia izan buru gainean zuen oparia utzi ziona. Tematsu, ordea, satorrak ikertzen jarraitu zuen, azkenean buruko hura nork egin zion asmatu zuen arte.

Nafarroako energia berriztagarrien etorkizunean murgildu naiz egunotan eta, etiketa eta irudi xarmangarrien gainetik, kaka ugari ageri da hor ere. Enpresa mordoxka dago –Nafarroan orain hamazazpi– bere gorotz opila mendi, soro eta herritarren buru gainean utzi nahian, hemen parke eoliko itxuran eta han parke fotovoltaiko moldean. Nafarroan gisa bereko ia 90 bat parke daude egun, lurraldea elektrizitate esportatzaile bihurtzeraino. Ez, ez da Nafarroak behar duen energia baino gehiago sortzen duela, ezta hurrik ere; baina bai orain kontsumi dezakeen energia elektrikoa baino gehiago ekoizten duela eta, ondorioz, soberakinak saldu egiten direla. Nafarroak urtean kontsumitzen duen energia iturri guztien %20 bakarrik da elektrikoa –2019ko datuetan– eta, hori bai, dena berriztagarria.

Erresuma zaharrean orain dauden ia 90 parke horien gisako 60tik gora proiektu tramitazio prozesuan dira Nafarroako Gobernuan, egun ekoizten den energia berriztagarria bikoizteko asmoarekin. Etorriko da garaia, baina gaur egun ezin dugu energia hori guztia Nafarroan erabili. Orduan norentzat da? Saltzeko, norbait edo norbaitzuk aberastu daitezen. Dirua dabil barra-barra energia berriztagarrien sektorean eta gehiago ere espero da Europar Batasuneko Next Generation funtsen jarioan. Burbuila handitzen den neurri berean haziko da txikizioa ere, norbaitek oztoporik jartzen ez badie.

Eta herritarrak protestan, kaka buru gainetik kendu nahian eta marmotaren egunean harrapatuta, bereziki agintarien esanak entzunda. Manu Ayerdi Foru Gobernuko kontseilari ohia: “Prest egon behar dugu ingurumen kalteren bat onartzeko”. Enpresetako promotoreak fin-fin dabiltza han-hemengo herrixketan, euren proiektu berdeak bikain salduz, maleta diru-bete, lur-jabe txikien eta batek daki beste noren patrikak berotuz, herri txikietako lasaitasun inoiz baino preziatuagoa birrinduz. Alegazio eta ingurumen txosten garai betea dator, baina batzuetan pentsa daiteke foru instituzio nagusienak herritarren zaintzan jartzea, azeria oiloak zaintzen jartzea modukoa dela. Satorra bezain tematsu jarraitzea, horra bizitzaren aldeko herri txikietako herritarren patua.

 


Zurea bidali