Bizi-baratzea

Espainia  >  Espainiako monarkia ezbaian

Juan Carlos I babestu ei duen Fanjul familia: natura eta pertsonak esplotatzeagatik aberastutakoa
2020-08-06  |  Axier Lopez
Joan Carlos I.a Amerikako familiarik aberatsenetako batek Dominikar Errepublikan babesean hartu izana da hipotesi nagusia. Fanjul familiaren aberastasuna pertsonen eta naturaren esplotazioan oinarrituta dagoela salatu dute askok.

Fanjul familiak Asturiasen du jatorria, eta emigratu ostean, 1950eko hamarkadan, Kubako familia aberatsenetariko bat bilakatu zen azukre-kanaberaren ustiaketari esker. Kubako Errepublikan izan zen nobleziaren antzekoena. Baina 1959an iraultza iritsi eta horrekin batera monopolio pribatu ugari desegin zituzten, horien artean azukre-kanaberarena. Hainbat Enpresa eta ondasun desjabetu zituen gobernu berriak, eta handik gutxira, 1960an, Fanjul sendia, izugarri aberatsak ziren gainerako familien antzera, Bacardi kasu, AEBetako Miamira joan zen; Castrotarrak boteretik kentzeko plan guztien nukleo erreakzionario nagusira

Miamin, Fanjul familiak, Kuban pilatutako dirutzari esker, bere inperioa berreraiki zuen Fanjul Corp izenarekin. Fanjul Corp azukre-enpresa multzo bat da, gaur egun AEBetan kontsumitzen den hiru koilarakada azukretatik bi saltzen dituena. Munduko azukre fintzaile handiena da: urtean 7 milioi tona ekoizten ditu. Bere produktuak Domino eta Florida Crystals markekin saltzen dira, besteak beste.

Juan Carlos Borboikoak Dominikar Errepublikako 28.000 metro karratuko lursail honetara ihes egin duela dio hedabide askok. Fanjul familiaren "La Casa de Campo" delakoa.

Dominikar Errepublikan Gulf & Western AEBetako multinazionalari Central Romana azukre-findegia erosi zioten 240 milioi dolarren truke. 300.000 tona azukre ekoizten dituzte urtean. 30.000 pertsona inguruk lan egiten du han 971 kilometro karratu kanaberadi ustiatzeko.

Langileen eskubideen eta ingurumenaren aurkako salaketa ugari

Alvaro Pielago Madrilgo kazetariak jaso ditu Fanjul familiaren enpresetan salatutako langile eta natur baliabideen esplotazioaren hainbat adibide:

- 2016ko urtarrilaren 26ko goizaldean, Dominikar Errepublikako Santa Cruz de El Seibo hirian Central Romana Corporation Ltd enpresak 80 familia etxegabetu zituen.

Etxeak eraitsi zituzten, barruan adinekoak eta umeak zituztela, Central Romanak okupatzen duen lurraren ondoko bide publiko batetik ateratzeko. Hori Selvas Amazónicas gobernuz kanpoko erakundearen Flores de Dignidad en Tierra de Sangre txostenean jasota dago

Lau urte geroago, giza eskubideen aldeko lau aktibistek bat egin zuten Fanjul Corporation enpresaren aurkako salaketa aurkezteko AEBetako Floridan. Hala, Fanjul Corp. taldeak Floridako Gorte Federaleko 24 familien eskariari aurre egin beharko dio. Prozesu judizialak irekita jarraitzen du.

- Miguel Angel Gullon fraideak eta Christopher Hartley apaizak behin baino gehiagotan salatu dituzte azukre-kanaberako langileen lan-baldintzak. Besteak beste 9 eta 16 urte bitarteko haurrak dituztela dokumentatu dute, azukre-zelaietan lanean. 1997an Christopher Hartley misiolariak "esklabutzaren pareko lan baldintzak" salatu zituen, eta Dominikar Errepublikako agintariei helarazi zien, Fanjul sendiari aurre eginez. Hala jaso du Jesus Garciak Esclavos en el paraiso liburuan.

- Azken urteotan, Central Romana “Bonsucro” kalitate-zigilua lortzen tematu da (Azukre-ekoizpen jasangarria eta horrek gizartean eta ingurumenean duen eragina sustatzen duen irabazi-asmorik gabeko mundu-erakundea). Central Romana Corpek, Fajul Corpen ustezko filialak, ordea, ez du lortu. Bere azukre-landetako langileen baldintza txarrengatik –tartean adinik gabeko haurrak– eta OMEk eta Nazio Batuen Erakundeak debekatutako produktu kimikoak erabiltzeak eragindako baso-soiltze basatia direla eta.

- Floridako talde ekologistek Fanjul Corp salatu dute, erabiltzen dituzten ongarriek Floridako Everglades parkea kaltetzen dutelako, munduko akuifero nagusietariko bat.


Zurea bidali