Bizi-baratzea

Lorategia  >  Loreak

Jan loretik
2020-05-14  |  Jakoba Errekondo

Gure latitudean landare gehienen izerdia udaberrian mugitzen da, eta loraldi nagusiak sasoi horretan gozatuko ditugu. Edertasunaren ikur ditu jendeak loreak: ikusteko, usaintzeko... Eta dastatzeko? Jan al duzu sekula lorerik? Seguru baietz.

Nork ez du jan orbururik (Cynara cardunculus var. scolymus)? Gero eta maizago agertzen da kuiatxoaren lorea ere (Cucurbita pepo subsp. pepo) gure plateretan. Lehengo astean txikoria-belarraren (Taraxacum officinale) lore gozoak entsaladan nahastea aholkatu nizuen; saiatu al zarete? Bestelakoren bat erabiltzen al duzu? Ba osasuntsuak omen dira, eta boladan dago loreak eskaintzea: entsaladaren tontorrean bezala saltsaren osagarri edo postrearen aldamenean. Eta badute loreek, liliek, morbo punttu bat, azken finean landareen sexu organoak dira. Eta sexuak gogora ekartzen diguna daramate liliek: kolore biziak, nektarrak, itxura kitzikatzaileak, urrinak eta usainak, belusezko eta zetazko ukiak...

Loraldi ugaritasunari heldu eta hasi lore janean. Bista poztuko dizute, eta aho sabaia dantzan jarri. Loreontzietan edo baratzean, nahi duzun tokian jarri landareak, edo urrutira gabe landare horiek badituzu bildu eta mahairako prestatu.

Oreganoaren (Origanum vulgare) hostoa jatera ohituta gaude, baina lorea ez hainbeste. Bixi punttu ederra dute. Kaputxinak ere (Tropaeolum majus) hosto gaziak ditu, eta errezeta mordoxka bat osatzen du. Loreak eta pipilak ere, bere min apurrarekin, jateko ederrak dira, eta kolore bereziz jantziko dituzte errezeta horiek. Izpilikuak (Lavandula sp.) eta amañililiak ere (Syringa vulgaris) lore jangarriak dituzte, dasta sakonekoak, saiatu platerean eta edalontzian... Udaberri loreak (Primula sp.) eta errukularenak (Diplotaxis tenuifolia) horituko dizute otordua, bigarrenak piper ttantta batekin. Erregaliz ttantta eransten dute mihiluak (Foeniculum vulgare) eta isipu-belarrak (Hyssopus officinalis). Dasta fina eta gupera dute sagarrondoaren (Malus domestica) eta bioletaren (Viola sp.) loreek, babarrun loregorriak (Phaseolus coccineus) eta ekiloreak (Helianthus annuus); azken horren lore bueltako petaloek mikatz amiñi bat ere badute. Garratza da mairu-krabelinaren edo tejetearen lorea (Tagetes patula). Arrosaren petaloak (Rosa sp.), zauri-belarrarenak edo salbiarenak (Salvia officinalis), borrajarenak (Borago officinalis), txikoriarenak (Cichorium intybus) eta baltsamo-belarrarenak edo ilenarenak (Calendula officinalis) zakar antzekoak dira, eta ahoko dasta ez besteko zentzumenak asetzeko erabiltzen dira, baina hasi, hasi jaten eta tamaina hartuko diezu.

Lore asko dago, horiez gain, eta zeuk dastatzea bezalakorik ez dago. Eta zerk kitzikatzen zaituen esango diguzu!