Bizi-baratzea

Jan eta bizi
2022-04-20  |  Jakoba Errekondo

Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.

Argazkia: Wikipedia.

Landareak lantzen dituenak badaki: jan gabe ez dago mozkinik. Landare guztiak sustraien erara dituen jakien arabera biziko dira. Bizi horri kenduko diogu guk nahi dugun mozkina: hazia (babarruna, Phaseolus vulgaris), fruitua (sagarra, Malus domestica), lorea (orburua, Cynara cardunculus var. scolymus), hostoa (ziazerba, Spinacia oleracea), azala (kanela, Cinnamomum verum), zura (hagina, Taxus baccata), egurra (amerikar haritza edo haritz gorria edo norteko haritza, Quercus rubra), sustraia (azenarioa, Daucus carota subsp. sativus), kimua (zainzuria, Asparagus officinalis), erreboila (idi-bihotza edo tulipa, Tulipa spp.), tuberkulua (patata, Solanum tuberosum) eta abar.

Mozkina behar dugu, jakina, horretarakoxe lantzen ditugu landareak. Nolako mozkina da galdera. Zer nahi dugu, asko eta handiak? Edo onak? Kantitatea edota kalitatea, ekoizleak maiz-maiz topatuko duen kereta. Azkar eta asko biltzearen alde jotzen duenak badaki: ongarri kimikoak, pestizidak, esklabotzara daramaten teknologiak eta abar izango ditu adiskide. Azkar eta asko saltzearen alde jotzen duenak badaki inguruko airea, ura eta jendea erreko dituela. Jendea: arerioak, lagunak eta baita alaba-semeak ere.

Duela mende bateko pentsamoldeari eusten bazaio, are eta nekazari gutxiago izango dugu inguruan. Etengabeko odolustea ez da geratuko. Zein nekazari galtzen ari gara? Zientzialari harroxkoek eta politiko-administratzaile industriazaleek sustatzen duten nekazaritza kapitalistaren uztarriari lotzen direnak. Ingurune guztia erretzen dutenak, gu eta gure etorkizuna erretzen dutenak. Bai, etorkizuna, lurra ere erretzen baitute, lasai demonio. Nekazaritza industriala, kapitalismo berdea bezalakoxeko oximorona da, berezko gezurra, alegia.  

Lurra da gure ondasun handiena. Lurra zaintzeak izan behar du gure helburu nagusia. Lurretik jaten dugu. Lurretik jaten du guk jaten dugun guztiak. Lur errea, janari errea, gu erreta, ospitaleak gainezka. Zaindu dezagun bada lurra. Lurraren bizitza elikatzea da gure aukera bakarra; lur bizian landareak errazago eta hobeto elikatuko dira. Lurrari bizitza ematea ongarri organikoak ematea da. Ez dago bestelako trikimailurik. Ongarri organikoak sor ditzagun, batez ere eskuera ditugun hondakinetatik. Horrela dio Murtziako Unibertsitateko ikerlari ospetsu batek, German Tortosa Muñozek. Urte asko daramatza luarraren erabileraren onurak frogatu eta zabaltzen. Argi eta garbi dio: luarra duen lurrean landareak ederrago hazten dira. Luarretik luarrera ere badago koska, baina ezer baino hobea da luarrik kaskarrena ere. Nahitaezkoa beharko luke hiri hondakinetan organikoa bereizi, luartu eta lurrari bueltatzea; hil ala bizikoa.

Izan ere dakienak badaki: janik gabe bizitzarik ez.