Bizi-baratzea

Jakoba Errekondoren "Etxeko landareak" liburua kalean da
2020-10-30  |  ARGIA

Jakoba Errekondok liburu berria argitaratu du ARGIArekin: "Etxeko landareak". Liburu honetan irakur daitezke etxe barruko, kanpoko zein balkoiko landareak egoki zaintzeko gakoak, eta 91 landareri buruzko argibide zehatzak. Egileak liburuaren aurkezpenean emandako hitzaldia ikusentzun daiteke bideo honetan.

Argazkia: Dani Blanco.

Etxeko landareak liburuari esker, Jakoba Errekondoren eskutik ezagutuko dugu landare bakoitzaren jatorria eta beraz, bere klimaren ezaugarriak. Asmatuko dugu landare bakoitza zenbat eta nola ureztatu; zenbat argi eta zer tenperatura behar duen; nola ongarritu; zein dituen gaitz arruntenak eta nola aurre egin horiei; etxeko landare hori nola ugaldu eta landare bakoitza zaintzeko zein diren trikimailu eraginkorrenak.

Landareak bezain eder den liburua

Liburua mardula bezain polita da: 246 orri ditu eta Dani Blancoren argazkiz jantzia dago, eta Maitane Gartziandiaren diseinuak apaindua. Landare bakoitzaren xehetasun anitzak erakusten dituzte argazkiek.

Hemen ikusentzun dezakegu Jakoba Errekondok liburua aurkeztuz emandako hitzaldia:

2021eko Ilargiaren eta landareen agenda ere kalean da

Laugarren urtez, ilargian oinarritutako baratzeko agenda argitaratu dute Jakoba Errekondok eta ARGIAk elkarrekin. Dagoeneko liburu-dendetan dago salgai 2021ekoa. Ilargiaren gorabeherak azaltzen dira bertan, eta ilargiaren arabera egun bakoitzean lurrean zer lan egin zehazten du: bai fruitu-arboletan, bai loreetan, bai basoan eta bai baratzean. Jakoba Errekondoren testuak eta Antton Olariagaren ilustrazioak ditu 2021eko agendak, eta aurtengoan diseinua ere berritu dio ARGIAk, baratzerik ez duten herritarrek ere beren laneko eta bizitzako hitzorduak idazteko leku gehiago izan dezaten. Oso erabilgarria, ilargiarekiko eta landareekiko jakinmina duen ororentzat.

25 urte loretan

Jakoba Errekondok 25 urte daramatza astero ARGIAn landareen kulturari buruz idazten. Duela bost urte landareei buruzko ezagutza dibulgatzeko elkarlana sendotu zuten Jakoba Errekondok eta ARGIAk: Bizi Baratzea liburua izan zen elkarrekin argitaratutako lehenengoa, eta arrakasta itzela izan zuen baratzearen entziklopedia modura irakur daitekeen horrek. Etxeko landareak liburua beste entziklopedia bat dela esan dezakegu, oraingoan etxeko, balkoiko eta kanpoko loreei buruzkoa.

 


Zurea bidali